Euskal jolasak irakatsiko dizkiete Sopelako aita-amei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 7a, 22:44
Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren bitartez, "Jolas tailerrak eta kontu txikiak" izeneko ikastaroa eskainiko die aita-amei Sopelako Udalak. Ekimen horren helburua udalerriko ikastetxeetako gurasoei hainbat euskal jolas eta kanta irakastea da, umeekin euskaraz jolastu ahal izateko. Ikastaroaren iraupena 10 ordutakoa izango da eta urriaren 29an eta azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an emango dituzte eskolak, asteazkenero, Ander Deuna ikastolan. Ordutegia 18.00etatik 20.00etara izango da. Hizkuntzari dagokionez, euskara erabiliko dute, baina euskaraz ez dakitenentzako gaztelaniazko laburpen txikiak egingo dizkiete, antolatzaileek adierazi dutenez. Parte-hartzaileek 12 euroko matrikula ordainduko dute eta amaieran, gutxineko asistentzia (%80) bete duenari dirua itzuliko zaio. Interesatuta daudenek informazio eta izen-emate orria Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan eta Zipiriñe eta Ander Deuna ikastetxeetan izango dituzte eskuragarri. Izena emateko epea urriaren 24ra arte geongo da zabalik. Hala ere, ahalik eta lasterren egitea komeni da, tokiak mugatuak (12-20 lagun) baitira. Informazio gehiago eskatzeko 946 762 674 (Amaia) telefono zenbakia jarri dute. Argazkian, Getxo udalerrian ere horren pareko ekimenak antolatzen ditu gurasoentzat Egizu Getxo Euskaldun! elkateak / Sendi.
"Agerian dago haurrak nahi baino gehiagotan jolasten direla gaztelaniaz, bai euskal jolasak ezagutzen ez dituztelako, bai gaztelaniazkoak euskaraz egiten ez dakitelako. Ekintza honen bidez, gurasooi zuon seme-alabekin euskaraz jolastu ahal izateko baliabideak eskaini nahi dizkizuegu", adierazi dute udal iturri sopeloztarrek. Ikastaroan parte-hartzaileen seme-alabentzako haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun