Bizkaiko Bertsolari Txapelketan zazpi ordezkari izango ditu Uribe Kostak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 8a, 00:18
"Bota" lelopean burutuko da igande honetatik, hilak 12, abenduaren 20ra arte Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurkezpenak egin, Bizkaiko txakolinaz ekitaldia ospatu eta parte hartzaileen behin betiko zerrenda eman zuen atzo arratsaldean Leioako Mendibile Jauregian, Udalak okupak bota baino lehen gaztetxea izan zena. Bertan izan ziren, besteak beste, Xabi Paya Bizkaiko txapelduna, Arrate Illaro Ipar Uribeko txapelduna, Jone Uria eta Itxaso Paya puntuengatik sailkatutako bertsolariak eta Peru Vidal. Leioaztarrak azken unean eskuratu du txapelketan sartzea, Miren Ibarluzea mungiarrak bere aulkia libre utziko duelako. Horiekin batera, Fredi Paya azken lau txapelketako finalistak ere abestuko du. Eskualdeko azken ordezkaria, baina, ez da bertsolaria izango, ALBEko Josu Esnaola gai jartzailea baizik.
Zalantzarik gabe, zaleentzat aparteko interesa izango du aurtengo txapelketak. Izan ere, txapela mantentzeko hamabi eta bi ahalegin egin beharko baititu Xabi Paya algortarrak. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Ibon Ajuria eta Fredi bere anaiaren konpetentzia gogorra nahikoa izango ez balitz, aurten berriro ere lehiatuko dira Unai Iturriaga, hiru bider Araba eta Bizkaiko txapelduna, eta Igor Elortza, dagoeneko txapela lautan jantzi duena.

Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko

Lehenengo saioa igande honetan, Hispanitatearen Eguna, izango da, Mendexako frontoian, arratsaldeko 5:30ean, saio guztien ordu bera. Bertan, Eñaut Intxaurraga, Xabier Enbeita, Eneko Abasolo "Abarkas", Garikoitz Sarriugarte, Olatz Ibarluzea eta Xabat Galletebeitiak jardungo dute.

Bigarren kanporaketa hurrengo larunbatean, hilak 18, egingo dute Zeanuriko frontoian. Uribekostarren lehenengo saiakera izango da finalaurreetan sartzeko. Arrate Illaro eta Itxaso Paya izango dira protagonistak eta Igor Elortza, Iñaki Iturriotz, Iker Belaustegi eta Eñaut Uruburu gainditzeko mutilak.

Hilaren 25ean, berriz, Peru Vidal arituko da Muskizeko kultur etxean. Berarekin batera, Itzubaltzetako Bertso Eskola zuzendu zuen Oihana Bartra mahatserrikoa, Mikel Petuya, Jabi Olibares, Ander salaberria eta Julen Erezumak abestuko dute.

Larrabetzuko kanporaketa, eskualdekoentzat beti plaza gozoa dena, frontoian jokatuko da Udalak baimena emanda. ALBEko ordezkaria Jone Uria izango da, Gorka Ostolaza, Joseba Artza, Miren Amuriza, Arkaitz Zipitria eta Lander Ibarluzearekin bertsotan arituko dena.

Azken kanporaketa, Zaldibarko frontoiarena, finalaurreetan jardungo direnak zeintzuk izango diren behar-beharrezkoa izango bada ere, bertan ez du Uribe Kostako inork abestuko. Dena den, Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Amaia Uribe, Manex Sagarna eta Ander Elosegi botako dituztenak entzutekoak izango dira. Aurretik aipatutako kanporaketen batean norbaitek abesteko ezintasuna izango balu, antolakuntzak bi ordezko jarri ditu, bada ez bada ere: Sestaoko Bertso Eskolako Jon Barrocal eta Jokin Castaños.

Handik aurrera, hiru finalaurreak burutuko dira, Xabi eta Fredi Paya algortarrak, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 23an, Gernika-Lumo frontoian, 30ean Markina-Xemeingo frontoian eta abenduaren 7an Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean izango dira. Azkenik, 8 finalistek lehia gogorra izango dute Barakaldoko BECen, Jon Azpillagak nori jarriko dion txapela azken unera arte ez dugula jakingo.

Finala BECen

Iaz Euskaldunean jokatutako finalean 2.200 lagunek aretoa bete eta ehunaka zale sarrerarik gabe gelditu zirela kontuan hartu baitu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Karmelo Uriarte presidenteak atzo nabarmendu zuenez, "bertsozaleei arreta berezia" bota nahi diete aurten. Gainera, "zuek guztiok txapelketako zurrunbilo horretan harrapatzeko eta Bizkaia eta bizkaieraren alde gure ekarpena egiteko teknologia berrien apustua" egin dute. Horren lekuko da txapelketaren saioak, bideoak, argazkiak... Internetera botako dituen Bertsosarean.biz webguneak. Sarrerak ere bertan erosi ahal izango dira. Antxon Alberdi guneko egileak azaldu duenez, Firefox, Safari, Chrome eta Operan egoki dabilen webgunea da eta, hortaz, arazoren bat egonez gero, "Windows-en arazoa da, ez neurea". Internet Explorer botatzeko eta beste nabigatzaileren bat deskargatzeko gonbitea egin zuen Alberdik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun