"Ohean" antzeztuko du bihar Algortan Maskaradak

Ostiral honetan, urriak 10, "Ohean" euskarazko lana antzeztuko du Maskarada taldeak Algortan, Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldien barruan. Muntaiak gau bakarreko harremanak ditu ardatz eta Matias Bizek zuzendutako "En la cama" filme ospetsuan oinarrituta dago. Testuaren moldaketa Unai Elorriaga idazle algortarrak egina da eta Carlos Panera du zuzendari. Saioa 20:00etan izango da, Getxo Antzokian, 9 euroren truke (7 euro gazte txartelarekin eta jubilatuentzat). Taberna batean elkar ezagutu eta handik ordu batzuetara, gizon batek eta emakume batek gela hartzen dute hotel merke batean sexu gau bat pasatzeko elkarrekin. Hori da "Ohean" antzezlanaren abiapuntua. Protagonistek ez dute elkar ezagutzen, ezta bata bestearen izena jakin ere, eta egun horren ostean ez dute berriro elkar ikusiko. Argazkian, Simulacro taldearen "Con el bulto en la espalda" antzezlanak zabaldu ditu gaur jardunaldiak. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Sexu harremanak izan ondoren, haien artean halako kimika bat sortu dela ohartzen dira. Berbetan hasi eta, berez-berez, euren iragan eta intimitaterako ateak zabaltzen dizkiote elkarri. Euren kontakizunetan oroitzapenak eta ametsak tartekatzen dira, gezurrak eta egiak, gurariak eta beldurrak, zintzotasuna eta traizioa, maitasuna eta gorrotoa. Haien artean gertatukoa pixkanaka-pixkanaka desagertukoa gaua aurrera doan heinean.

Maskarada

Maskarada Bilbon sortu zen 1980an, eta Euskal Herriko antzerki konpainiarik zaharrenetako bat da. Bere bide luze bezain aberatsean "Ernesto izatearen garrantzia", "Nerudaren postaria", "Kontrabaxua" eta "Gastibeltzaren karabinak" bezalako lan arrakastatsuak taularatu ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun