Bestalde, eta azkeneko hilabeteotan izandako atxiloketen harian esan duenez, "ETAren kideak espetxeratuz, armak edo mendi zulo batzuk lapurtuz edota Espainiako Polizia Autonomikoa Hendaiara eramanez ETArekin eta gatazka politikoarekin amaituko dutela pentsatzen dutenak oker dabiltza berriz ere. Etsaiak ETAri arma guztiak lapurtuta ere herri honi borroka grina eta kemena lapurtzea ezinezkoa baitzaio".
ETAk "Gara" egunkarira bidalitako oharra:
Euskadi Ta Askatasunaren agiria Euskal Herriari
ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak bere hausnarketa prozesua amaituta eta 2009ko Gudari Egunaren kariaz ondorengo hausnarketak jakinarazi nahi dizkio euskal jendarteari:
Duela 50 urte frankismoaren eraso faxistek gure herria genozidiora eraman nahi zutenean jaio zen ETA. 50 urtetako borroka lorratza gaur omentzen ditugun eusko gudarien ekarriagatik zedarritzen da. Erbestera, espetxera edo bizitza galtzeraino dena eman duten Euskal Herriko seme-alaben borrokagatik ez balitz Euskal Herria aspaldi menperatutako herria litzateke. Hamarkadaz hamarkada ezker abertzalea iraunkorki herri honen independentziaren aldeko borroka bidea biziberritzen aritu da, eta zeregin horretan larrutik ordaindu ditugu etsaiaren astinduak. 50 urte eta gero Euskal Herriak zutik eta bizirik dirau.
Duela 30 urte Moncloako erreformarekin PNVk Espainiako agintariekin batera Euskal Herria saldu eta gure herria inposatutako instituzioekin zatitzea erabaki zuen. Orduko agintari guztiek herri honen sektore borrokalariena, ezker abertzalea, instituzio horien kudeaketan parte hartzera gonbidatzen zuten. 30 urte berantago ezker abertzalea instituzio horietatik bota dute independentismoa otzandu ez eta bere lorpen politikoen aurrean. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren garaipenak dira Euskal Herriaren egoera marrazten dutenak:
Marko zatikatzailea agortua eta hilda dago eta gehiengo zabal batek Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea duela aitortzen du.
Errepresioa alboratuz gatazka politikoari irtenbide politiko eta elkarrizketatu bat ematearen alde kokatzen da jendartearen gehiengo bat ere.
Atturritik Ebrora independentziaren alde herri sektore sendo eta zabala errotua dago. Eta oztopo, eraso eta bazterketa saioen gainetik herri honen eraikuntza eta askatasunaren alde borrokan menderaezina dela erakutsi da.
Aitzitik independentistok ez dugu Euskal Herria oraindik autodeterminazioaren eszenatokira eraman ahal izan. Etsaiak Frantzia eta Espainiako proiektuak inposatzen jarraitu du hamarkada luzeetan. Europan bertan, autodeterminazio eskubidean oinarrituz herri batzuei bere independentziarako ateak irekitzen zaizkien bitartean, Espainiak eta Frantziak ukapena eta faxismo politikoa ezartzen jarraitzen diote gure herriari. Estatuen horma horrekin batera PNV izan da mugarri horretara iristeko oztopo nagusia. Ez ezagutzaren eta zatiketaren proiektuak arrakastaz inposatzeko helburuan huts egin du etsaiak, baina errezeta berdinean tematzen dira berriz PNVrekin batera hori egiteko aukerak ikusten dituztelako. Eta hala, inposizio zaharraren zikloa amaituta eta berrian sartu ezinik gure herriak krisi sakonean darrai.
Lorpen politiko horien aitzin faxismo espainiarrak ofentsiba politiko errepresiboa berritu du azken urteetan: independentismoa instituzioetatik bota eta kaletik ere bota nahi du. Zapatero, Sanz eta Lopez Euskal Herrian errepresio eta salbuespen egoera muturrera eramateko apustuan tematzen dira. Hauteskundeetan Ezker Abertzaleari parte hartzea debekatu eta jasotako emaitzak trukatzera iritsi arte.
Udaz geroztik euskal preso politikoen irudiak delitu dira. Herritar baten argazkia erakustea delitu izango den herririk ba ote da inon? GALen ekintzarik aldarrikatu gabe independentistak gauez bahitu eta Jon Anza desagerrarazi dute. Euskal Preso Politikoen senideak jipoitzeko ertzainek prestaturiko segadak izan dira uda honetako argazki nagusi bat. Horri «kalea garbitu» deritzote, Alemania nazian bezala. Orain delitu da ere bazkari, kalejira, futbol eta mus partida herrikoietan parte hartzea. Apartheid politiko eta eskubideen murrizketa "el imperio de la ley" deitzen dute, ilegalizazio eta putxerazoari "la fiesta de la democracia"...
PNVk ofentsiba politiko eta enbata errepresibo honi bere onarpena emana dio. "Estabilidad presupuestaria" eta "arrimar el hombro" deitzen dio horri. Euskal jendarteak eta PNVren oinarriak onartzen ez dituen erasoen aurrean errepresioa hutsaltzen saiatzen da Urkullu burukidea. Ezker abertzalea hauteskunde eta instituzioetatik botatzeko erasoei "el juego de las ilegalizaciones" deitzen die. Presoen argazkiak erakusteagatik ehunka senide eta herritar jipoitzeari, "la fiesta de los carteles". Zigorrari joko, errepresioari festa: urteetan zehar milaka torturatu, milaka bozka ukatu, milaka herritar preso, milaka miloi zigorretan, milaka zauritu kaleetan... horiek guztiak, Urkullurentzat, Sabin Etxeko bulegoaren epeletik ikusten diren joko eta festa dira.
PNV beti erdian: Euskal Herriari bizkar emanez eta Estatuari begira baina. Beti independentismoaren aurka. PNVren oinarriak eta euskal jendarteak onartzen ez dituen eraso guzti horiek hutsaltzea, eta hitzez arintzea, beste aukerarik ez du Urkulluk. Eraso horien arduradunekin, hots faxistekin, independentismoaren aurkako hitzarmen politiko berria egin nahi baitu. Eta mitinetako sermoi sasi-abertzaleak batzokietako giro nahasi eta asaldatua lasaitzeko hitz hutsak besterik ez dira.
Euskal Herria benetako aldaketa politikora irits ez dadin ezker abertzalea errepresioan itotzea bilatzen du etsaiak PNVren laguntzarekin. Hori da hitzartu eta blindatu nahi dutena: marko zahar eta hila berritzea. Baina ezker abertzalea, eraso horiei tinkotasunez erantzuteaz haratago, Euskal Herriak benetako prozesu demokratiko bat ezagutzeko borroka bidean sartua da. Eta Euskal Herriaren mesederako abertzalegoa ez dago beste itzuli autonomiko bat jasateko prest.
ETAren konpromisoa, borondatea eta eskaintza:
Euskal Herriaren etsaiak ukapena eta errepresioaren alde egiten duen bitartean armak eskutan borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Baina era berean diogu:
ETAren borondatea betidanik gatazka politikoari irtenbide demokratiko bat bilatzearena izan da. ETAk bide horri ekiteko bere borondate eta prestutasun osoa berresten du ere.
Estatuen itxikeria eta espainolismoaren ofentsiba politikoaren aurrean herri eskubideak eta borondate politikoa onartua eta errespetatua izan dadin prozesu demokratikoa garatu behar da Euskal Herrian. Hori da herri honen alternatiba politikoa: Euskal Herria autodeterminazioaren eszenatokira eramango duen prozesu demokratikoa urratzea. Estatuak Euskal Herriaren hitza errespetatzera eramateko, ordea, abertzaleok, independentistok, gure indarrak nazio mailan biltzea ezinbestekoa da, herri hau bere askatasunera iritsiko bada. Hori da ETAren eskaintza, eta hori da ETAk babestu eta bultzatuko duen bidea.
ETAren galderak agintariei:
Espainiako agintariek ETAren arma bidezko borroka eten bitartean ETArekin ez dutela hitz egingo errepikatzen dute behin eta berriz. Gatazkaren korapilo nagusia hori balitz bezala! Espainiako agintariek badakite arazoa ez dela ETA. Jakin, ederki dakite, arazoa herri honekin dutela, bere borondate politikoarekin. Arazo horri ateak zabalduz konponduko da gatazka politikoa.
Espainiako agintariei eta Zapatero presidenteari honako galderak pausatzen dizkiegu:
- ETAren jarduera armaturik gabe prest al leudeke Espainiako agintariak Euskal Herriko lurraldeek beren etorkizun politikoa erabakiko duen prozesu bat errespetatzeko?
- ETAren armak isilduko balira Espainiako agintariak prest al leudeke euskal herritarren gehiengoak independentziaren aldeko hautua egingo balu erabaki hau errespetatu eta beharrezkoak diren urratsak emateko?
- ETAren borroka armatua etengo balitz prest al lirateke errepresioa alboratu eta gatazkaren konponbidea ahal-bideratuko duen prozesu demokratikoa errespetatzeko?
Lopez eta Sanz agintariei honako galderak pausatzen dizkiegu:
- Prest al zaudete Euskal Herria onartzeko, bere nazio eskubideak ezagutzeko?
- Prest al zaudete zuen agindupeko lurraldeetako biztanleei, mugarik gabe, beren gero politikoaz era irekian galdetzeko?
Galdera hauek, aitzakiarik gabe, erantzutera desafiatzen ditugu Espainiako presidentea eta agintariak. Baina, zoritxarrez, berriz ere, isiltasunek edo ezezkoek erakutsiko dute ETA ez dela arazoa, agintarien borondate politiko eta demokratiko eza baizik. Baiezko erantzunek gatazkaren konponbiderako bidea irekitzea lekarkete. Baiezkoek, eta tope horiek altxatzeak, ETAren ekinbide armatuaren etena lekarkete. Orobat gatazka politikoa konpondu eta bere espresio armatua desagertzea bideratzeko atea zabalduko litzateke.
ETAren kideak espetxeratuz, armak edo mendi zulo batzuk lapurtuz edota Espainiako Polizia Autonomikoa Hendaiara eramanez ETArekin eta gatazka politikoarekin amaituko dutela pentsatzen dutenak oker dabiltza berriz ere. Etsaiak ETAri arma guztiak lapurtuta ere herri honi borroka grina eta kemena lapurtzea ezinezkoa baitzaio.
Azkenik PNVri galdera bakarra pausatzen diogu, abertzaletasunari zor, eta Euskal Herriari behingoz argiki erantzun behar diona. Xabier Arzalluz ezezagun eta konbertitu batek, berriki PNVren Asanblada Nazionalari eta EBBri zuzenduz, eginiko galdera bera da ETAk PNVren EBBri luzatzen diona:
Independentistak al zarete? Zein da PNVren helburua: bere sorrera adierazpenetan agertzen den Euskal Estatu baten sorrera ala, Euskal Herriaren zatiketa eta garapenerako galga izan den autogobernu baskongadoaren sakontzea?
2009ko Gudari Egun honetan agiri honen azken hitzak, 50 urte hauetan dena emanez erori diren eusko gudariei zuzenduak doaz. Bihoakie gure adorea etsaiaren espetxeetan borrokan tinko diharduten ETAko gudariei ere. Ezker Abertzalearentzat, Euskal Herriaren askatasuna, herri honekin eta eroritako gudariekin bildutako zorra da... eta lortuko dugu! Ezaren gudaz baietza sortuz.
Gora atzo eta gaurko eusko gudariak! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian, 2009ko Gudari Egunean
Euskadi Ta Askatasuna (ETA)