Jendartea 2010-02-19 12:56

Bizkaiko Foru Aldundia premiatu dute Barrikabaso babesteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Batzar Nagusien Azpiegitura Batzordeak Bizkaiko Foru Aldundia premiatu du Barrikabaso babesteko. Atzoko bilkuran onartu zuten Talde Mistoak, Ezker Batuak, PPk eta PSE-EEk aurkeztutako arauz besteko proposamena, aipatu oposizioko taldeen babesaz. Horren bitartez, Bilbo Metropolitarreko Lurralde Zati Planean aldaketa egitea eskatu zioten foru erakundeari, inguru hori babes bereziko gunetzat hartzeko. Bestalde, Aldundiak Barrikako Udalari kostaldeko babes-eremua 200 metro handitzea eska diezaiola ere jasotzen da proposamenean, intentsitate handiko etxebizitza-ingurua egin dezatela saihesteko asmoz. Nerea Ahedo EAJren batzarkideak, baina, "ez beharrezkotzat" jo zuen ekimena, bere ustez, "udal eskumenak urratzen dituelako". Gaineratu zuenez, berriro landu behar duen "HAPOren berrikuspenean jasoko du hori Barrikako Udalak". Bitartean, oposizioko alderdiek "hirigintza asmoen gainetik, ingurumenaren gaineko interesa" defendatu zuten, udal eskumenetan eskua sartzea denik ukatuz. Argazkian, Auzitegi Gorenak legez kanpo jotako txaletak / © Barrikako EA.
Barrikabasoko gune babestuan dagoeneko eginda dauden hamalau luxuzko txalet legez kanpokotzat jo zituen uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak, horien eraikuntza baimentzeko lurren kalifikazioa legez kanpokoa izan zelako. Interes paisajistiko handiko tokia izanik, "babes bereziko gune" izendatua du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso; hortaz, ezin da lurrotan eraiki. 1998an, ordea, bertako hemeretzi hektareako eremuaren kalifikazioa aldatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Muriola eta San Telmo sektoreetan: lur urbanizagarri izendatu zituen, luxuzko 85 txalet eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Txipio Bai talde ekologistak salaketa jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian 2001ean, eta lurren kalifikazioa aldatzeko foru aginduak indargabetu zituen epaileak. Bizkaiko Aldundiak, Barrikako Udalak eta bi enpresa sustatzailek kasazio helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina epaitegi hori bat etorri zen 2009ko uztailean EAEkoak emandako ebazpenarekin. Halere, aspaldi eraiki zituzten 14 txalet Barrikabason.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa