Espainiako bandera jarri dute Erandioko udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 22a, 19:23
Joan den larunbatean, azaroak 20, Erandioko EAk iragarri zuen dagoeneko Espainiako bandera tokiko udaletxearen "barrualdean" dela. EAJ, PSE-EE eta Ezker Batuari aipatu neurria "ontzat hartzea" egotzi zieten, euren bitakoran (espainolez), sozialdemokrata erandioztarrek. EAkoek, baina, ez zuten aipatu barrualdean ez ezik, udaletxe atzealdean ere ikusgarri dagoela espainiarren ikurra. Irailaren 23a plazari begira jarri beharrean, Karl Marx plazara ematen duen balkoian zintzilikatu dute, ikurrinarekin batera. Bada, "Deia" egunkariak atzo, igandea, plazaratu zuen EAJren Erandioko uri buru batzar guztiek izenpetutako gutuna (espainolez). Euren alderdikide Joseba Goikouria alkateak hartutako erabakiari "Espainiako Gobernu zein auzitegien inposizioa" deritzote jelkide erandioztarrek. Beste hainbat kolektibok, gazte independentistak tartean, ardura EAJrena dela uste dute. Argazkian, Espainiako bandera Erandioko udaletxeko atzeko balkoian.
Espainiako bandera udaletxe barruan zein kanpoan jartzera behartzen zuen epaiaren kontra, orain hilabeteak errekurtsoa aurkeztu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusian Erandioko Udalak. Martxoan helegitea atzera bota zuen auzitegiak, udal erakunde erandioztarra aurreko sententzia betetzera behartuz. Bada, irailean, Banderen Legea betetzera premiatu zituen udal agintariak Erandioko PPk. Horrela ez egitekotan, Fiskaltzara joko zutelako mehatxua egin zioten Joseba Goikouria alkateari. Aipatzea, 2008ko apirilean sinadurak batzen ibili zirela Erandion, udaletxean Espainiako bandera jar ez zezaten.

Espainiako bandera Erandioko udaletxean iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun