Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa egingo dute ostiral eta larunbatean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 22a, 20:11
Azaroaren 25aren inguruan hainbat ekimen antolatu ditu Itzartu emakumeen elkarteak, Sopelako Udalaren laguntzaz. Etzi, asteazkenarekin, "Precious" filma proiektatuko dute Kurtzio kultur etxean, 15:30ean. Hurrengo egunean, ostegunean, ekitaldia egingo dute Udaletxeko plazan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Besteak beste, emakumeenganako indarkeriaren aurkako adierazpena irakurri eta mahai-ingurua egingo dute bertan. Ostiralean eta larunbatean, berriz, emakumeentzako autodefentsa ikastaroa izango da Kurtzio kultur etxean. Lehenengo egunean 16:00etatik 20:00etara egingo dute; eta bigarrenean, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Parte-hartzaileei erasoak identifikatzen irakatsi diete, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ikastaroan ondoko gaiak aztertuko dituzte: erasoen jatorria, biolentzia motak eta horien ondorioak, hurrenez hurren. Izen ematea, hilaren 25a baino egin beharko dute interesatuek, 944 065 505 edo 946 765 595 telefono zenbakietara deituz edota berdintasuna[abildua]uribekosta.org posta elektronikoaren bidez. Argazkian, Itzartuko kideak Imanol Garai alkatearekin sari emanaldi batean.
Sopelako Udalak zabaldutako adierazpena:

Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Aurten ere, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, indarkeria sinboliko, leun, maltzur eta ia ikusezin horretan jarri nahi dugu arreta, zeinaren gainean eraikitzen baita emakumeen identitatea eta, era berean, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa ahalbidetzen baitu.

Indarkeria sinboliko hori ideia okerretan oinarritzen da, baina ideia horiek oso zabalduta daude eta naturaltzat hartzen dira; esate baterako, ordu eta leku jakin batzuetan emakume izatea arriskutsua dela; sexu-eraso bat baino ezer larriagorik ez dagoela barneratzea baina emakumeak ezin direla eraso horietatik babestu; beldur izaten ikastea eta hauskor sentitzea, babestua izan beharra sentitzea, nahiz eta inork ez adierazi zeri edota nori izan behar zaion beldur; lotsatuta edo errudun sentitzea sexu-eraso bat jasan izanagatik edota tratu txarrak jasan izanagatik, eta nahiago izatea hori justifikatzea edo ukatzea, gaia onartu edo kritikatu beharrean; emakumeen sexu-askatasuna probokazio sexuala dela ulertzea, eta gizon batzuen jokaera erasotzaile potentziala justifikatzen duena uste izatea; edo pentsatzea bikote barruko kontrola eta jeloskortasuna maitasunaren parte direla, eta bikotea, saiatuz gero, maitasunagatik aldatu daitekeela.

Hori guztiori dela eta, urte osoan zehar jarri behar dugu arreta gure udalerriko nerabe eta gazteengan, baina are gehiago, estrategikoki, egun hau hurbiltzean, 2009an egin genuen bezala. Modu horretan, indarkeriaren formarik leun, naturalizatu eta sozialki onartuenak ezagutu ditzaten, eta horren aurrean hain hauskorrak izan ez daitezen.

Horretarako, Berdinsarearen iazko kanpainan erabilitako goiburua berreskuratu nahi dugu: Beldur Barik. Zeren “Beldur barik” esateak beldurra ukatzen du, emakumeen kontrol-estrategia gisa. Era berean, kontuan hartuta emakume izatea arrisku potentziala dela, “Beldur barik” esateak aitortzen du Udal honek aukera eman behar duela emakumeak zenbait tresnaz jabetzeko, gaitz hori prebenitzeko eta nork bere burua defendatzeko. Borondate hori gure udalerrietako exijentzia inperatibo bihurtu beharko litzateke.

Modu horretan, gazteei zuzeneko indarkeria fisikoa prebenitzen lagunduko diegu, baina, gainera, agente aktiboak izatera animatuko ditugu, emakumeenganako edozein indarkeria mota errefusatu dezaten eta horren aurka modu indibidual zein kolektiboan egiteko estrategiak izan ditzaten.

Horren guztiaren jakitun, Udal honek konpromiso hau hartzen du: bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka, eta arreta berezia jartzea emakume gazte eta nerabeek jasaten duten indarkeriarengan, modu eraginkorrean baliatu daitezen beldurrik gabe bizitzeko eskubideaz eta indarkeriaren aurka defendatzeko aukeraz.

Komenigarria da urtean zehar zenbait ekimen abiaraztea. Horrela, emakumeen partaidetza aktiboarekin, beldurrari eta hauskortasunari aurre egiteko behar diren baliabideak jarriko dira euren esku, euren jabekuntza ahalbidetuz; era berean, gazteekin batera egin beharreko lana bultzatuko da, portaera sexistak prebenitzeko eta eraso matxisten aurrean jokaera aktiboa izan dezaten animatzeko.

Animatu egiten ditu herritarrak, eta, oso modu berezian, herriko neska-mutilak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta egingo diren ekintzetan parte hartzera, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera, eta Berdinsareak kanpaina honen barruan antolatu duen Beldur Barik! jaialdi artistikoan parte hartzera (jaialdia azaroaren 27an izango da, Bilbon).

Puntu lila erabiltzeko gonbidapena egiten du, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den aldetik. Eta, hasteko, puntu lila bat jarriko du udaletxearen eraikin nagusian, ondo ikusten den leku batean eta modu iraunkorrean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun