Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez epaitzen ari dira Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 23a, 19:25
Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren Zigor Aretoan gaur abiatu da Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarraren eta Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez algortarren kontrako epaiketa. Lehenengo bientzat 534 urteko espetxe zigorra eskatzen du Blanca Rodriguez fiskalak, 2008ko maiatzaren 14an Legutioko Guardia Zibilaren kuartel-etxearen kontrako atentatuan parte hartzea egotzita. Hirugarren gaztearentzat, ordea, 8 urteko kartzelaldia eskatzen du, ETAri laguntzea egotzita. Aipatu atentatuan Juan Manuel Piñuel sarjentua hil eta 26 lagun zauritu ziren, guardia zibilen senideak tartean. Bada, gertaeren egunean Cotano Palermora (Italia) bidean zela adierazi dute gaurko saioan hiru mutilek, Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera. Guardia zibilen idazkariak berak baieztatu du, atentatua gertatu baino ordu batzuk lehenago Cotanok Santanderretik Londreserako hegazkina hartu zuela, neskalagunarekin batera, bertatik Siziliako hiriburura bidaiatzeko. Hala ere, erakunde militarreko ordezkariaren arabera, "atentatuaren prestaketan parte hartu zuela egiaztatzen duten hainbat DNA froga badaude, komandoak erabilitako ibilgailuan jasotakoak". Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.
Ostiralera arte luzatuko da Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano meta Iñigo Gutierrezen kontrako epaiketa. Gaurko saioan, atxiloaldian torturak jasan zituztela salatu dute hirurek, euren abokatuen galderei soilik erantzunda. Bestalde, atentatuaren unean kuartelean ziren hainbat guardia zibil deklaratu dute akusazioaren lekuko gisa; baita hondakinen artean harrapatuta gelditu zena eta haren emaztea ere. Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT) ez ezik, Guardia Zibilen Elkarte Bateratua (AUGC) ere aurkeztu da herri akusazio bezala: 1.150 urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatzen du hiru getxoztarrentzat. Bestalde, Ministerio Publikoak 500.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du, Piñuelen oinordekoei emateko; eta beste 3.183.212 euro, kuartel-etxean eragindako kalteengatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun