Aire-nabigazio arloko mantentze-lanetarako peoiak trebatuko dituzte Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 9a, 19:16
Leioako Udalak eta Jovenes por la Paz fundazioak sinatutako hitzarmenari esker, aire-nabigazio arloko mantentze-lanetarako peoiak prestatzeko enplegu tailer berria jarri dute martxan udalerri leioaztarrean. Gauzak horrela, Ibarrabarri enpresa-guneko lokal bat utzi dio aipatu elkarteari tokiko erakundeak. Horretaz gain, ikastaroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuez arduratuko da Udala. Enplegu tailerrak urte beteko iraupena izango du eta, guztira, 14 langabetuk parte hartuko dute, horietariko hamar leioaztarrak. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko zaie. Gainera, ikasketa horiek egiten dabiltzan bitartean, soldata jasoko dute ikasleek. Udalak adierazi duenez, “aurreikuspenen arabera, aeronautika arloan hainbat eta hainbat lanpostu sortuko dira etorkizunean”. Argazkia: © Leioa.net.
Azken hogei urteotan, Leioako Udalak hainbat profesional trebatu ditu enplegu tailerren bitartez: harginak, igeltseroak eta iturginak, besteak beste. Guzti horiek udalerriko ondasun kulturalaren parte diren eraikuntzak berriztatu dituzte: Kortesenabarri baserria, Elexalde errota eta Ondizko probalekua, esate baterako. "Hori dela eta, aeronautika arloko tailer berri hori berrikuntza garrantzitsua suposatzen du, prestakuntza edukiarengatik eta lan espezialitate berezia izateagatik", udal iturriek adierazi dutenez. Bestalde, 80ko hamarkadan ETAk hildako Cesar Uceda Vera Espainiako Armadako teniente eta Leioako Musika Eskolaren hastapenetan bertoko irakasle zenaren seme Abel Ucedak zuzentzen du Jovenes por la Paz fundazioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun