Urtzi Paul algortarra itxialdian dago Sevilla II espetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 10a, 20:54
Itxialdiak egiten ari dira Sevilla II espetxean dauden euskal preso politikoak, tartean Urtzi Paul algortarra dagoela, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez zabaldu duenez. Espetxeko zuzendaritzak hainbat aldaketa burutu ditu azken asteotan eta horiek eragin zuzena dute bertan dauden gatibuen bizitzan. "Orain arte espetxe honetan dauden euskal preso politikoak isolamenduko moduluan izan dituzte galeriatan bosnaka eta seinaka banatuak. Orain dela hiru aste binaka jarri zituzten beti ere isolamenduko moduluan. Hauetako hiru bereziki baldintza oso gogorrak dituen galeria batetara eraman zituzten, bertan lehen graduan klasifikaturiko presoak daudelarik. Patioa oso oso txikia da eta bizi baldintzak ere onartezinak direla esan dute bertan dauden presoek", azaldu du errepresioaren kontrako mugimenduak. Gauzak horrela, bi egunez jarraian itxialdia egiten ari dira, eta hirugarrengoan normal ateratzen dira. Bisitak ere normaltasunez egiten dituzte. Argazkian, 2009ko abenduaren 22an ehunetik gora lagunek salatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak aurreko egunean Urtzi Paul Larrea atxilotu izana.
Hala ere, espetxe zuzendaritzak euskal preso politikoek asteburuan egin ditzaketen aurrez aurreko bisitak murriztea erabaki duela ohartarazi du AAMk. Azaldu dutenez, "asteburuan guztien artean gehienez senideekin bi aurrez aurreko eta bikotearekin aurrez aurreko bat izan dezakete. Aurrez aurreko hauek larunbatean edo astegunean soilik egin daitezke. Honek asko zailtzen duelarik dagozkion aurrez aurrekoak egitea". Neurri horien helburu bakarra "komunikaziorako eskubidea zailtzea" dela salatu du errepresioaren kontrako erakundeak. Gaineratu dutenez, "aurrez ehunaka kilometro egin behar dituzten senideei oztopo gehiago jartzea baino ez dakar neurri hauen aplikazioak". Presoek protesta eta ekimenekin jarraituko dute "espetxeak berak sortu duen arazoa espetxeak berak konpondu arte".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun