Fernando Hevia izango da Batzar Nagusietarako Aralarren zerrendaburua Uribetik

Fernando Hevia Suarez itzubaltzetarrak gidatuko du datozen foru hauteskundeetan Aralarrek Bizkaiko Batzar Nagusietarako Busturia-Uribeko barrutian aurkeztuko duen zerrenda. Horrela jakinarazi zuen atzo alderdi abertzaleak lau barrutietako hautagaiekin batera Jon Abril koordinatzaileordeak eta Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak egindako agerraldian. Bertan, Hevia Uribe Kostako Aralarren koordinatzailea eta Bizkaiko arduradun ohia Busturia-Uribeko zerrendaburu publikoki izendatzeaz gain, gauza bera egin zuten Iosu Murgia (Bilbotik), Leire Martinez (Durango-Arratiatik) eta Sabin Arana (Enkarterriak-Ezkerraldetik) hautagaiekin. Aralarrek "gehiengo abertzalea eta ezkerreko politika publikoak bermatuko dituen alternatiba" gisa kokatu du bere burua, "Bizkaian EAJri alternatiba" PSE-EE "bakarrik ez" dela iritzita. Argazkian, Fernando Hevia (eskumatik lehena) atzoko agerraldian / © Aralar.

Aralarren prentsa oharra:

Aralar gehiengo abertzalea eta ezkerreko politika publikoak bermatzeko alternatiba da Bizkaian

“Bizkaian EAJri alternatiba ez da PSE bakarrik. Badago ezkerreko alternatiba bat eta gora datorren alternatiba. Aralar da gehiengo abertzalea eta ezkerreko politika publikoak bermatuko dituen alternatiba Bizkaian”. Hala adierazi du Aralarren Legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok. Bera, eta alderdiko koordinatzaileorde Jon Abril, Aralarrek Bizkaian izango dituen hautagaien aurkezpenean izan dira, prentsaurrekoan. Iosu Murgia (Bilbo), Leire Martínez (Durango - Arratia), Sabin Arana (Enkarterriak-Ezkerraldea) eta Fernando Hevia (Busturia-Uribe) izango dira Aralarren zerrenda buruak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan.

Ezenarrok adierazi duenez, “benetako aukera sendoa da Aralar, politika abertzalea ezkerretik egiten duena eta jendeari beste era batera hurbiltzen zaiona, jendearen parte hartzean sinesten duena. Jendea entzun nahi dugu, gure ustez alderdi politikoek eta politika berak gutxiago hitz egin eta gehiago entzun beharko lukete, eta ezkerraren ikuspegitik erantzun erabakigarriak plazaratu. Hori da Aralarren lan egiteko era, eta horregatik gero eta bizkaitar gehiagok Aralar aukeratzen du”.

Aralarren helburua Bizkaian gehiengo abertzalea bermatzea eta, era berean, Bizkaiko Foru Aldundian ezkerreko politikak garatzea, “krisiari beste erantzun bat eman diezaiokegulako eta eman behar diogulako”.

Hala, Aralarren ordezkariek azpimarratu dute “Bilbok alkate euskalduna behar duela, eta baita Diputatu nagusiak ere. Ez da nahikoa euskararen aldeko politikak egitea, euskara politikara eraman behar dugu, politika euskaraz egin behar dugu”.

Amaitzeko, Ezenarrok bakea funtsezkoa dela esan du, “baina ez edozein bake, denon artean eginiko bakea lortu behar dugu, ez sozialki garaituen eta galtzaileen bakea, PSEk eta PPk bilatzen duten gisa. Horren aurka egin behar dugu. Eskubide guztiak bermatzen duen bakea behar dugulako, sufrimendu guztiak ezagutzen duen bakea”.

Bilboko barrutiko zerrenda buru Iosu Murgiak lau ardatzetan laburtu du Aralarrek hauteskundeetarako egiten duen apustua: “Euskara eta euskal kultura, abertzaletasuna, bakea eta ezkerra”. Murgiak esan duenez, “euskara kultur aniztasunetik indartu behar dugu, desberdinen arteko elkarlanen. Euskara oso garrantzitsua da guretzat eta horregatik gure hautagai guztiak euskaldunak dira, euskara ezin da politiketan geratu, euskara politikara eraman behar dugu”.

Egoera ekonomikoari dagokionez, Murgiak gogoratu du krisia eta horrek eragindako langabezia direla Bizkaiko benetako drama. “Egoera ekonomiko horri aurre egiteko ezkerreko politikak egin behar dira, bestelako politikak. Eredu fiskala aldatu beharra dago eta, iruzur fiskala zigortu, baina benetako iruzur fiskala, dirudunek egiten dutena. Benetako iruzurra ez dago laguntza sozialetan, iruzur fiskalean eta ingeniaritza fiskalean dago”.

Bide horretan ere, Murgiak azpimarratu du “Aralarrek zerbitzu publikoen pribatizazio eta azpikontratazioaren kontra” borrokatuko duela, “zerbitzu publikoak eraginkorrak izan daitezen, leihatila batetik besterako alferrikako joan-etorrikoak saihesteko”.

Murgiak, berretsi egin du “Aralarren bakezaleak izanik, denon artean eraikitako bakean sinesten dugu eta, horretarako abiapuntua da Gernikako Akordioa. Estatuak eskubide guztiak bermatu behar ditu eta ETA betiko gelditu behar da”. Murgiak gaineratu duenez, “ezkerrekoak gara eta abertzaleak, eta horregatik herri honen erabakitzeko eskubidearen alde egingo dugu, desberdinen artean garatuko dugu erabakitzeko eskubidea herri honen askatasun ametsak lortzeko”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun