Aurten 33 tabernek parte hartuko dute Getxoko pintxo lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 17a, 10:17
Getxoko 33 ostalaritza-establezimenduk parte hartuko dute asteburu honetan, hilak 18 eta 19, "GetxONegin" izeneko bigarren pintxo lehiaketa, Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan. “Euskarazko hitz gozoak esan pintxoari” lelotzat hartuz, tabernetan eta jatetxeetan jabe eta bezeroen artean euskararen erabilera bultzatzea da ekimenaren helburua, “hori kalitate gehigarria dela uler dezaten". "Erabilera errazteko laguntza eskaintzen diegu, urtean zehar aurrera eramaten ditugun ekimenen bitartez; baita zerbitzu batzuen bidez ere, esate baterako hizkuntza-aholkularitza, itzulpengintza...”, azaldu du Koldo Iturbe zinegotziak. Pintxoak goizean dastatu ahal izango dira eta, horrekin batera, hainbat jarduera osagarri ere izango dira asteburuan zehar. Besteak beste, larunbaterako berbalagunen pintxo-poteoa antolatu du Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak. Hitzordua 12:00etan jarri dute Taberna Berrin, Algortako Sarrikobaso kalean. Lehiaketaren irabazlea hilaren 21ean jakinaraziko dute. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko Gure Etxea tabernako Joseba ugazaba, iazko txangurro pintxoak erakusten.
Lehiaketan parte hartzen duten lokalek pintxo bakarra aurkeztu ahal izango dute eta euro batean saldu. Hiru sari banatuko dituzte: epaimahairena, publikoarena eta "hizkuntza-paisaia txukunena" duen establezimenduari emango diotena. Lehiaketako pintxoren bat eskatu ondoren, tabernariek txarteltxo bat emango diete bezeroei, batetik, pintxoari euskarazko hitz polit bat idazteko eta, bestetik, pintxoa 1etik 10era puntuatzeko. Botoa ematen dutenen artean, Eusko Labela duten produktuen otzara bat eta bi lagunentzako afaria zozketatuko dituzte. Pintxoa egiterakoan, ostalariek Eusko Labela duten produkturen bat erabiliz gero, horien artean ere otzara zozketatuko dute.

Getxoko Udalak parte hartzaileen kokapenaren berri ematen duen maparen 35.000 ale bidali ditu getxoztarren etxeetara. Horretaz gain material ugari atera du, tartean 40.000 diptiko, tabernetan eskegitzeko 1.500 bandera, ehun bat kamiseta, kartelak, 300 amantal, pintxoetan ipintzeko 10.000 zotz, 5.000 puxika eta euskarazko abestien CDak bi egun horietan tabernetan ipintzeko. Bestalde, hiztegi erreza, elkarrizketa eredu batzuk eta hainbat menu biltzen dituen “Tabernaz taberna, ahoz aho” izeneko 5.000 gida banatuko dituzte ostalarien artean.

Kale animazioa

Asteburu osoan zehar, kale animazioa izango da udalerri osoan zehar, besteak beste, Andres Isasi Udal Musika Eskolako fanfarrearekin, trikitilari eta soinulariekin. Euskarazko abesti ezagunak joko dituzte, giroa alaitzeko eta jendea abestera animatzeko. Horrekin batera, Jon Urraza eta Itxaso Paya aktoreek, kale-antzerkia egingo dute sukaldariz jantzita, jendea tabernetan sartzera animatzeko eta ekimenaren berri emateko. Aktoreek ezpainzapia, gidatxoa eta globoak banatuko dituzte. Aurten iaz baino hamar lokal gehiagok parte hartuko dute lehiaketan. Aurreko edizioan, taberna batzuek 300 pintxo baino gehiago saldu zituzten eta, guztira, bezeroen 3.500 boto jaso ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun