Metro Bilbaok salaketa jarriko du lanuzteak legez kanpokoak direlakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 17a, 17:09
Metro Bilbao garraio enpresako zuzendaritzak epaitegian salaketa jarriko du, abenduaren 21erako eta 22rako deitutako lanuzteak legez kanpokoak direla uste duelako. Horrez gain, enpresa batzordeari beste bilera bat egitea eskatu dio, metroak Gabon-gauean ibil daitezen. Akordiorik lortzen ez badute, "bizkaitarrek pairatu beharko dituzten kalteen ardura izango du beste aldeak", zuzendaritzaren aburuz. Enpresa batzordearen jarrera "arduragabea eta itxia" adierazi du gaur Ernesto Gasco Metro Bilbaoko presidenteak. Gaineratu duenez, "Gabon-gauean metroa irekitzea negoziatzea baztertu dute orain arte". Zerbitzu publikoa eskainiko dela bermatzeko, enpresa batzordeari datorren astelehen arratsaldean beste bilera bat egitea eskatu diotela adierazi du Gascok. Argazkian, Ernesto Gasco Metro Bilbaoko presidentea aurreko prentsaurreko batean / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.
"Gabon-gauean Metroak funtzionatu behar du eta, hasierako eskaintzan oinarrituta, beste irtenbide batzuk bilatzeko prest gaude, denon oniritzia jasoko duen beste zerbitzu batzuekin eta langile gehiagorekin. Akordiorik lortzen ez badugu, beste aldearen erantzukizuna izango da", azaldu du. Presidentearentzat "sinestezina" da langileen ordezkaritzak "irtenbide bat aurkeztu ez izana" eta, hortaz, "gizarte bizkaitarrari xantaia" egiten ari zaiela uste du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun