Unibertsitateko jarduera guztietara genero-ikuspegia hedatu nahi du EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 17a, 18:52
Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plana aurkeztu du gaur EHUk. Ekimenaren helburu nagusia da unibertsitateko jarduera guztietan genero-ikuspegia txertatzea, tokiko arduradunek adierazi dutenez. Gauzak horrela, erakunde akademikoak datozen hiru urteetan gauzatuko dituen helburuak, estrategiak eta ekintzak biltzen ditu, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko aurrerapausoak emateari begira. Planaren ezaugarriak "egingarria, dinamikoa, zeharkakoa eta integratzailea" izatea dira. Era berean, esku hartzeko lau eremu finkatu dituzte helburuak erdiesteko: irakaskuntza, ikerkuntza, gizarteko eta laneko harremanak, eta eremu instituzionala. Arlo horietan guztietan, pausoak emango dira, "genero-ikuspegia ezagutzaren sorreran eta transmisioan txertatzeko, unibertsitateko jarduera guztietan gizonen eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko eta EHUk genero-berdintasunaren alde hartutako konpromisoa agerian uzteko". Argazkian, Iñaki Goirizelaia errektoreak parte hartu du gaurko aurkezpenean / © EHU.
Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Planak hainbat ekintza aurreikusten ditu, helburu horiek bete daitezen. Horien artean daude irakasleentzako laguntza-gida bat osatzea, euren irakasgaietan genero-ikuspegia txerta dezaten; ikerketarekin lotutako "Jardunbide egokien eskuliburua" osatzea, jakintza-arlo guztientzat; "Jarduteko protokoloak" diseinatzea, berdintasunaren aurkako zeinahi ekintzaren kontra jo ahal izateko; hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzea, nola irakaskuntzan hala unibertsitateko araudian, ekitaldi publikoetan eta barne- eta kanpo-komunikazioetan.

Aurrekariak

EHUk ekintza ugari egin izan ditu genero-berdintasunaren arloan, unibertsitateko arduradunen arabera. Alabaina, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Planari Berdintasunerako Zuzendaritzak eginiko ekintza garrantzitsuena deritzote, 2006ko ekainaren 15ean eratu zenetik. Plana osatzeko zereginean, 2009ko maiatzean sortutako Berdintasunerako Batzordeak parte hartu du, eta "unibertsitate-komunitate osoaren ekarpenak ere oso garrantzitsuak izan dira", aipatu dutenez. EHUko Gobernu Kontseiluak uztailaren 22an egindako bileran onartu zuen plana; behin onartuta, dagoeneko erabilgarri dago. Hala, bertan xedatutakoa dagoeneko praktikan jarri da, batez ere, Unibertsitate Hedapenerako eta Gizarte Erantzukizuneko Errektoreordetzaren mendeko Berdintasunerako Zuzendaritzaren bitartez.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen iritziz, "Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plan hau osatu eta gerora Euskal Herriko Unibertsitatean aplikatu izana ez da, soil-soilik, lege-arau bat betetzearren egindako lana. Oso garrantzitsua da, nire ustez, ideia hau azpimarratzea: instituzioen agindu bati bide emateaz gainera, irmotasun erabatekoaz sinesten dugun printzipio bat berresten ari gara".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun