Ezker abertzalea legeztatzea eskatu dute dozenaka herritarrek Uribe Kosta eta Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 20a, 16:59
Ezker abertzalea legezta dezatela eskatzeko asmoz, ehun giza-katek baino gehiagok zeharkatu dituzte Euskal Herriko beste horrenbeste herri eta auzo. Uribe Kosta eta Erandion, algortarrak izan ziren goiztiarrenak. Ostiral iluntzeko zortzietan abiatu ziren ehun bat lagun Telletxe plazatik, Tellagorritik igarota, Algortako Portu Zaharrean bukatzeko. Larunbat eguerdian, besteak beste, Astrabuduako Josu Murueta, Leioako Tigre eta Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazetan ziren hitzorduak eta, horietan ere, dozenaka gizon-emakumek heldu zieten "Ni ere legalizazioaren alde!" irakur zitekeen kartelei. Urdulizen ere egon zen mobilizazioa. Azkenik, igandean, Sopelako herrigunea zeharkatu zuen herritar ilara luze batek. Besteak beste, errepresioarekin amaitzea, Euskal Herriarentzako demokrazia eta atxilotutako azken gazteak askatzea aldarrikatu zituzten, Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez. Hainbat kaletatik igarota, udaletxeko plazara bueltatu ziren, bertan oihal ezberdinekin ikurrina bat osatzeko. "Eusko Gudariak" abestuta eman zioten bukaera mobilizazioari. Argazkian, giza-katea ostiralean Algortan.
Duela aste batzuk 300 militantek egindako agerraldian, proiektu politiko berriaren oinarriak aurkeztu zituen Iruñean ezker abertzaleak. Larunbat honetarako, berriz, Euskal Herri osoan mobilizazio eguna deitua zuten, "legalizazioaren aldeko ofentsiba politikoa" abian jartzeko asmoz. Euskal Herri osoan egindako ekimenen grabazioak uztartuta legalizazioaren aldeko bideoa egingo dute.

Ikusi tokian tokiko ezker abertzaleak osatutako bideoak:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun