Kalean jarritako kamerak "gazteen kontrol sozialerako tresna" direla salatu du AGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 27a, 16:49
Getxoko Udalak azken aldian hainbat bazterretan kamerak jarri izana salatzeko asmoz, atzo, igandearekin, herri-erdigunea hartu zuen Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Eguerdiko hamabietatik aurrera, kamera erraldoiak jantzita, Telletxe, Amezti, Basagoiti, Zabala eta beste hainbat kaleetan jarri eta ingurutik igarotzen zen jendeari bideo-zaintza horren berri ematen zuten ehunaka eskuorri banatu zieten neska-mutilek. Gazteen ustez ez dago hainbeste kamera jartzeko beharrik, "hainbat lekutan herritarron intimitatea bortxatu" egiten baitute. Neska-mutilek adierazi dutenez, azken urteotan, tokiko Udalak egindako obra berrietan hainbat kamera jarri dituzte, "gehienetan zaintza-eremua dela adierazi gabe". Horren adibide argia dira Bihotz Alai plaza eta Salsidu kaleko eskailera mekanikoak. Argazkian, atzo jarritako kamera erraldoi bat gizon bat "grabatzen".
"Baliteke kamera berri horien ezarpena delinkuentzia tasa jaisteko jarri izana eta hori izango da seguruenik Getxoko Udalak horiek jarri izana defendatzeko argudiorik handiena", azaldu zuten. Baina, Algortako Gazte Asanbladak zehaztu duenez, "ez dugu inongo ikerketarik topatu zeinean kamerak jartzeak delinkuentziaren ahultzea ekarri duela frogatzen denik". Haientzat bideo-zaintza sistema berri horiek "gazteen kontrol sozialerako tresna" bat besterik ez dira.

Atzoko ekimenaren argazkiak:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun