Gabon gaueko metro zerbitzuak "porrot" egin zuela uste du LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 27a, 17:34
Metro Bilbao garraio enpresak Gabon gauean eman zuen zerbitzuak "porrot" egin zuela adierazi du LAB sindikatuak, "oso jende gutxik" erabili zuela aipatuz. Sindikatu abertzaleak azaldutakoaren arabera, zerbitzuak eragin duen galera 30.000 eurokoa izan da. LABek uste du abenduaren 24tik 25erako gauean eskainitako zerbitzua "kudeaketa txarraren eta baliabide publikoen erabilera makurraren" adibide dela. Metro Bilbaok emandako datuen arabera, 15.000 joan-etorri egin ziren gau hartan metroz, hau da, 7.500 pertsonak erabili zuten (erabiltzaileko bi bidaia kontuan izanda). Sindikatuarentzat "luxua" da "75 tren eskaintzea 7.500 pertsonentzat". Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, "Gabon gauean metroa hutsik" zegoela adierazi du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. Horren hitzetan, Getxoko Bidezabaleko geltokiaren aurrez aurre afaltzen zegoenez, "hainbatetan" leihotik begiratu zuen eta ez zegoen "inor". Zerbitzuaren kostua zenbatekoa izan den aztertu beharko dela esan du Bilbaok. Argazkia: © Metro Bilbao.
LABek uste du ez dela gauza bera Gabon gauean zerbitzua eskaintzea eta Urtezahar-gauean eskaintzea, azken urtean 50.000 pertsonek erabili baitzuten metroa azken horretan, 00:45etik 07:00etara. Hori dena kontuan izanda, "ardura" eskatu dute eta Gabon gaueko zerbitzuaren inguruan gogoeta egitea proposatu die agintariei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun