Ados jarri dira Getxoko udal langileak eta tokiko agintariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 27a, 18:36
Defizit publikoa murrizteko Espainiako Gobernuak sustatutako Lege Dekretua onartu zuen joan den osteguneko osoko bilkuran Getxoko Udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta PP eta Alternatibaren abstentzioarekin. Horrek, jakina denez, funtzionarioen eta gainontzeko udal langileen soldata murrizketa aurreikusten du. Sindikatuetako ordezkariak oraindik ere dekretuaren eta soldata murrizketaren aurka dauden arren, Getxoko Gobernu Taldearekin adostu dute Espainiako Gobernuaren dekretuaren arabera "halabeharrez betebeharreko neurriak aplikatzea", udal iturriek zabaldu dutenez. Hitzartutakoaren arabera ere pasa den hilean Imanol Landa alkateak izenpetutakoa bertan behera geratu da. Gauzak horrela, udal langileei ez diete ordaintzen zaizkien “espezieak” (Gabonetako otzara, aparteko orduen sariak eta Osakidetzaren estaldura ez duten ortodontzia, okulista... gastuak ordaintzeko laguntza) kenduko. Argazkian, dekretuaren aurka lanuzteak, protestak, udaletxean itxialdiak... egin dituzte beharginek.
Joan den osteguneko udal batzarrean, PP abstenitu egin zen "langileen interesak jagoteko" asmoz, “Gobernuko presidentearen gestio makalaren zama funtzionario, pentsionista eta behartsuenengan uzten duelako”. "Hasiera batetik alkateak egindako gestioa" kritikatu zuten popularrek, "akats asko egin dituelako". Alternatibak gogoratu zuen bere alderdia kritikoa izan dela Gobernu Taldeak, hasiera batetik, auzia kudeatu duen erarekin. "Baina, azkenean, onartu beharra daukat ahalegina egin dela sindikatuekin akordio batera iristeko", adierazi zuen Manu Basantak. "Halere, sekula ezin izango dut Zapaterorena bezalako dekretu baten alde bozkatu, inor ez baitago ados horrekin”, gaineratu zuenez. Gobernu Taldeak bere aldetik, "poztasuna" agertu zuen lortutako akordioarengatik, tokiko agintarien hitzetan, “negoziaketa prozesuaren azken txanpan, hasieran ez bezala, sindikatuek azaldutako borondateari esker lortu baita”. PSE-EE ere poztu egin zen, “elkar adituz hitzartu delako Gobernu Zentralak agindutako dekretuaren aipatutako neurriak betetzeko erabakia”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun