Hatortxurockerako sarrerak Algortan eta Leioan eros daitezke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 27a, 20:30
Azken urteotan bezala, Hatortxurock jaialdiak urtarrilean burutuko du bere 12. edizioa, zehazki hilaren 7an eta 8an, ostiral eta larunbatean. "Hator, hator neska mutil etxerat" lelopeko festibala Zizur Nagusian egingo da, baina ez bultzatzaileek toki berria nahiago izan dutelako, "antolakuntzarekin inolako zerikusirik ez duten zergatiengatik" baizik. Emanaldiak 21:30ean hasiko dira ostiralean eta 18:30etik aurrera larunbatean. Sarrerak Interneteko denda, Leioako Kurkudi taberna edo Algortako UK taberna bisitatuz eskuratu daitezke. Argazkian, Hatortxurocken 10. edizioaren irudi bat / © Hatortxurock.
Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da ostiralean eta 20 eurokoa larunbatean, aldez aurretik erosiz gero, eta 15 eurokoa eta 24koa leihatilan hartuz gero. Bi egunetarako bonoa 25 eurotan eskuratzeko aukera ere badago.

Lehenengo egunean Zea Mays eta Kerobiak joko dute. Larunbatean, berriz, zortzi talde eta hiru DJ arituko dira, tartean, Berri Txarrak, Gatibu, Amaiur eta Governors.

Poliziak "lapurtutako" sarrerak

Bestalde, Hatortxurock jaialdiko antolakuntzak jakinarazi duenez, orain pare bat astez Iruñeko Donibane Auzoko Toki Eder tabernan Espainiako Polizia Nazionalak egindako miaketan hainbat sarrera eta bono eraman zituzten. "Lapurtutako sarrerek eta bonoek numerazioa daukate eta, ondorioz, baliogabetuta geratu dira", antolatzaileek zabaldu dutenez. Baliogabetutako zenbakiak hauek dira:

- Ostiraleko sarrerak: 0151-0175

- Larunbateko sarrerak: 4051-4100

- Bonoak:0151-0175

Hala, zenbaki horiek dituzten sarrera edo bono guztiekin ezin izango da inolaz ere jaialdira sartu. Era berean, "sarrerak eta bonoak soilik Internet bidez edota salmenta puntu ofizialetan" eros daitezkeela gogoratu dute. Bide batez, "norbaitek baliogabetutako sarrerak eta bonoak ikusten baditu antolatzaileei jakinarazteko" eskatu dute. Horretarako, honako posta elektronikoa jarri dute: hatortxurock[abildua]hotmail.com

Governors taldeak Hatortxurock 12.erako egindako bideoklip-a, Apurtu Telebistaren eskutik:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun