Algortako emakume gazte batek jasandako heriotza mehatxuak salatu ditu Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 27a, 22:54
Gizonezko batek Algortako emakume gazte bati egindako mehatxuen berri eman du Bilgune Feministak. Neskak berak azaldu duenez, azaroaren 29an, "joko eta hilko" zuela esan zion ezezagun batek, Elorri kaletik zihoala. Taberna batera sartu zen laguntza eske. Hala ere, "lasai egoteko", gizona "mozkorturik zegoela" bota zion ostatuko zerbitzariak. Gertatutakoa "eraso sexista argia" dela salatu dute Bilgune Feministako kideek. Aipatu dutenez, "ezin da inondik inora mozkor egotea aitzakia bezala erabili. Erasotzailearen jarrerarenganako pasibotasunak erasotzailearen konplize bihurtzen gaitu". Gauzak horrela, horrelako egoerei aurre egitera deitu dituzte herritarrak: bai aurretik, erasoa ekiditen saiatuz; bai momentuan, erasotuari babesa eskainiz; baita ostean ere, egoera salatuz. Instituzio publikoei, berriz, "benetan eraginkorrak diren defentsa neurriak erabiltzea" exijitu diete feministek. Argazkian, emakumeenganako indarkeria salatzeko elkarretaratzea Algortan.
Erasotutako neskaren kontakizuna:

Duela hilabete bat (azaroaren 29an) arratsaldeko zortziak inguru, lasai nenbilen Elorri kalean zehar (Telefonicako aldapatik beherantz, ijitoen merkatutik gertu). Parkea zeharkatzen nenbilenean tipo bat ikusi eta bere albotik pasatu nintzen. Gizonak metro bat eta 80 edo 85 zentimetroko altuera zeukan, sendoa, ile belzduna, txamarra iluna eta praka bakero batzuk zeramatzan jantzirik. Bere albotik nengoela, "joko zaitut, hilko zaitut" entzun nion esaten. Niri buruz ari zela jakin barik aurrerantz jo nuen azkar. Ez nuenez ezagutzen, sakeleko telefonoarekin hitz egiten zebilela pentsatu nuen. Orduan, tipoa hasi zitzaidan: "neska, etorri hona, hilko zaitut!". Zebrabidea pasa aurretik atzerantz begiratu nuen, ia nire atzetik zetorren, "hilko ninduela" errepikatzen baitzuen. Segidan garrasika hasi nintzaion: "pausu bat gehiago eta poliziari deituko diot!". Bera poliki-poliki nire atzetik aldapan behera zihoala, nik korrikan gurutzatu nuen zebrabidea.

Momentu horretan, beldur handia sentitu nuen (bere jarrera eta zorakeria ikusterakoan). Hori dela eta, zebrabidearen alboan zegoen Arteta kafetegira laguntza eske joan nintzen. Barrara jo, barmana agertu eta berarengana hurbildu nintzen: "gizon bat dabil nire atzetik, mehatxuka eta joko eta hilko nauela esanez!". Bitartean, tipoa kafetegian sartu zen, barrara gerturatuz, eta bertan, adi-adi begira geratu zitzaidan. Jarraian barmana erasotzaileari esan zion: "gizon, geldi". Eta, niri begira, esan zidan: "lasai egon, mozkortuta dago eta". Momentuan, egoera ikusita, harrituta geratu nintzen. Nire amorrua handituz zihoan: kafetegi batera sartu nintzen segurtasun bila eta, konturatu gabe, otsoaren kobazuloan sartuta nengoen.

Barmana tipoaren laguna zen. Ondorioz, bere lagunaren jarrera zilegi bihurtu zuen, bere ekintzen ondorioak erlatibizatuta. Gertatukoari garrantzia kentzeko aitzakia, "mozkortuta zegoela". Bere ustez, neuk jasandako mehatxuak, bere lagunak zeukan mozkorrak justifikatuta zeuden. Nire ustez, euren jarrera matxista, beraien bizitzan zehar halakorik ez sentitzearen ondorioa da. Ni, berriz, ahozabala edo histeriko bat izango banintz bezala hartu ninduten. Momentu horretan, mehatxatu egin ninduen tipoa metro erdi baino gutxiagora hurbildu zitzaidan. Hori dela eta, esan nion: "gehiago hurbiltzen bazara, poliziari deituko diot". Orduan, barmanari poliziaren telefonoa eskatu nion eta berak, inolako kasurik egiteko asmoz, 091 zenbakia eman zidan.

091ra deitu eta, momentuan, desesperatu egin nintzen, horrelako kasuetan ez dutela ezer egiten pentsatzean. Telefonoa eseki nuen eta jarraian barmanak mespretxuzko doinu batean esan zidan: "ba... zoaz etxera". Jarraian garrasika hasi nintzaion esanez, "ia, ni etxera beldurturik sakelekotik hitz egiten edo norbaitek lagunduta joatea normala iruditzen ote zitzaion". Momentu hartan barmanak "ez oihukatzeko" esan zidan. Dirudienez, nire oihuek bere lasaitasuna lardaskatzen zuten; bere lagunaren mozkorra, ordea, ez.

Tabernatik urrundu nintzen "matxista bat zela" esanez. Erasotzailea han geratu zen, gertatukoari buruz inork ez zuela ezertxo ere esaten. Tristea iruditu zitzaidan, han zegoen jende pilaren artean, inor ez baitzen niregana gerturatu zer gertatzen zitzaidan galdetzera, nahiz eta nire aurpegian beldurra eta urduritasuna nagusi ziren. Poliziarekin telefonoz nengoela hitz egiten ikusterakoan, etxera lagundu ninduten bertan zeuden hiru emakume.

Gertatutakoa kontatu ostean, mozkortuta zegoenez erasotzailearen jarrera "ulerkorra" zela izan da jendearen erantzuna, orokorrean. Eta nire galdera da: zer egin beharko nuke gertatukoa gaueko hamabietan izan balitz? Korrika egin nire etxera heldu arte? Eta zure ahizpa, alaba edo amari gertatu izan balitzaio? Eraso fisikoa izango balitz, justifikatuta egongo litzateke? Ezerk ez du eraso edo mehatxurik justifikatzen.

Inguruetatik dabiltzan eta bizi diren emakume eta neskak kontuz ibil daitezke zabaldu dut ondoko mezu hau. Penagarria da, baina ezin gara gure kaleetatik lasai ibili. Isiltzen ez bagara, agian kaletik gabiltzanean indartsuagoak izango gara. Gertaera hau zabaltzea gure ardura da, ezin gara geldirik geratu erasoak gertatzen diren bitartean. Ez badugu guk geuk ezer egiten, inork ez du gugatik egingo. Tristea da, baina Algortan beti izan ditugu horrelako erasoak jaietan, gauetan, kalean... Jo ta ke aritu behar dugu erasotzaileen aurka egiteko. Emakume libre eta burujabe izan behar dugu indarkeria patriarkalaren aurka joateko; azken finean, askeak izateko.

Emakume guztion artean, gure auzoko eta herriko kaleak berreskuratu behar ditugu, gureak baitira!

Zabaldu mezua zure auzokideen artean!

Algortako Bilgune Feministaren irakurketa:

Bilgune Feministatik bi kontu nabarmendu nahi ditugu:

- Egoera hau normalitatearen barnean kokatu dezakegula dakigun arren, eraso sexista argia daukagu honako hau. Guztion jarrerak berebiziko garrantzia du egoera lotsagarri hauen aurrean eta ezin da inondik inora mozkor egotea aitzakia bezala erabili. Erasotzailearen jarrerarenganako pasibotasunak erasotzailearen konplize bihurtzen gaitu.

- Guztion artean egoera hauei aurre egitera deitzen zaituztegu, bai aurretik (erasoa ekiditen saiatuz); bai momentuan (erasotuari babesa eskainiz); baita ostean ere (egoera salatuz). Modu berean instituzioei benetan eraginkorrak diren defentsa neurriak erabili ditzatela exijitzen diegu, horrelako egoerek behar duten tamainakoak izan daitezen.

Euskal Herri feminista bat sortzera goaz!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun