Bisitariak erakartzeko natura eta kultur baliabideak erabiliko ditu Barrikako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 28a, 15:39
Natura eta kultur ondareari lotutako jarduera eskaintza osoa tokiko turismo zerbitzuen eskura jarri du Barrikako Udalak. Horrela, bisitarien kopurua handitu nahi dute, udalerrian euren egonaldia luzatzeko eta turismo enpresa berriak bertara erakartzeko. Zentzu horretan, hainbat ekintza abiarazi dituzte: batetik, Barrika Kresala izeneko web orrialdea diseinatzen ari dira, Bizkaiko Itsaslabarren Ibilbidea proiektuan parte hartzeko eta, Jataondo Nekazaritza Garapen Agentziaren bidez, Uribe turismo garapen egitasmoan sartzeko. Bestalde, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak Euskal Kostaldeko Zuzendaritza eta Surf Euskadi plangintzetan sartu du Barrikako Udala. Halaber, Muriola hondartzako sarbidea hobetzeko lanak egin dituzte. Azkenik, udal alondegi zaharra berregokitu eta hegaztien behatokia abian jartzeko hartu beharreko neurriak aztertzen ari da. Argazkian, Barrikako itsas-labarrak.
Udal agintarien arabera, neurri horiek guztiek “eragin zuzena” izango dute herriko ekonomia aktibitatean. Gaur egun, Barrikako jarduera ekonomikoaren %56,81 zerbitzu sektorean kokatzen da, eta tokiko enpresen %76,53 dihardu horretan, udal arduradunek emandako datuen arabera. Bestalde, populazioaren %87,36ak herritik kanpo egiten du lan. "Gaur egungo egoera aztertu ostean, azken helburua zein den zehaztu eta plangintza egokia garatu beharra dago, Barrika turismo produktu moduan definitzeko", agintari barrikoztarrek azaldu dutenez. Turismo bideragarritasunaren eta baliabideen ikusgarritasunaren azterketa egiteko, herrian dauden enpresen datuak bilduko ditu Udalak, inkesta baten bitartez. Horrenbestez, parte-hartze prozesu irekia jarri dute martxan, aktore desberdinen ikuspuntu guztiak eta ekarpenak biltzeko.

Kultur eta natura baliabideak

Barrika aztarna arkeologikoez beteta dago. Arkitektura interesa duten eraikinek, ibilbideek eta paisaiek duten nekazaritza eta abeltzain kutsuek osatzen dute tokiko kultura. Aztarna arkeologikoak Zabaletxe eta Kurtzio aztarnategian daude. Arkitekturaren aldetik, interesa pizten duten eraikinak asko dira: XI. mendeko Andra Mari eliza, estilo neoklasikoko udaletxea, 1914an altxatutako erresidentzia, alondegia, Txarta oinetxea, Barrikako kondeen etxea, eta azkenik, ondoko baserriak: Gane Erdiko (XVI. mendea), Torretxe (XV), Garramuñe (XVIII), Erdiko-Etxe, Ostikoetxe eta Etxetxu (XIX). Ibilbideei dagokienez, GR-123 eta GR-280 dira garrantzitsuenak. Herriko natura baliabideak anitzak dira habitat dibertsitate ugari eskaintzen baititu: hondartzak (Meñakoz, Barrika eta Muriola), Txipioko padurak, itsaslabarrak, Marearteko urradura plataformak, dunak eta interes geologikoa duten kostako tolesdurak, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun