Lodresen ikusmin handia piztu du "XXI. mendeko euskaldunak" erakusketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 28a, 16:03
Londresko Oxford Gallery aretoan, arrakasta handia izaten ari da "XXI. mendeko euskaldunak" erakusketa. Euskal herritarren ikuspegi modernoa islatzen duten tamaina handiko (1,80 x 1,20 metro) argazkiekin batera, jantzi tradizionalak jarri dituzte bertan. Endika eta Ander Basaguren berangoztarrak eta Amaia Hormaetxea bilbotarra dira euskal etxeetan ikusmina piztu duen mostraren sustatzaileak. Berangoko Udala ere dute lagun. Izaera interaktiboa dauka erakusketak. Oxford Galleryn aipatu hiru gazteek gidatutako bisitez gozatu ahal izango dute ikusleek urtarrilera arte. "Lan handia egin behar izan dugu, baina merezi izan du. Arrakastatsua suertatu da. Bisitari asko ditugu eta jakin-min handia piztu du erakusketak", aipatu du asebete Endikak. Urtarrila eta otsailean erakusketa Bartzelonara eramateko asmoa dute. Gainera, euskaldunak dauden munduko beste hainbat tokietan ikusgai jartzea aurreikusi dute artistek, hala nola, Boisen, Amerikako Estatu Batuetan. Argazkian, Londresen bizi diren euskal herritarrei erretratu bitxiak egin dizkie hirukoteak / © XXI. mendeko euskaldunak.
Hezur-haragizko Gargantua, Kursaal edo Guggenheim bezalako sinbolo modernoak, zerra erradial bati heltzen ari zaion aizkolaria, artaldea zaintzeko ordenagailua erabiltzen duten artzaina edota ekologiaz zein itsasoko fauna eta floraz kezkatzen diren antzinako arrantzaleak... horiek eta beste batzuk ikus daitezke argazkietan. Hainbat berangoztarrek bete dute modelo lana. Surrealismo eta umore ukituak ere presente daude argazki sortan. Sexualitatea edo eguneroko irudiak, "top-manta" kasu, ez dituzte bazterrean utzi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun