Urteko azken egunean ere presoen alde kalera ateratzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 30a, 17:52
"Etxean nahi ditugu!" lelopean, bihar, abenduak 31, urteko azken ostiraleko mobilizazioa egingo dute Euskal Herriko auzo eta herri guztietan. Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak deialdi berezia egin du aipatu egunerako, "konponbide politiko izango bada presoen gaia konpondu beharko delako", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Besteak beste, Algortan, hamaika eragilek eta herritarrek deialdi berezia egin dute urteko azken ostiralean biltzeko eta "Amnistiaren bidean euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe!" aldarrikatzeko. Horrenbestez, bi mobilizazio izango dira Telletxen: eguerdiko hamabietan enkartelada eta 20:00etan elkarretaratzea. Hala ere, iluntzean, ordu bete lehenago jarri dute hitzordua, Amnistia tabernatik abiatuta poteoa egiteko. Leioan ere 19:00etan egingo dituzte errepresaliatuen aldeko brindisa eta elkarretaratzea, Plaza Gorrian. Horretaz gain, urtarrilaren 8an, “Egin dezagun urratsa!” lelopean, presoen aldeko nazio manifestaziora joateko deia luzatu dute eskualdeko eragileek. Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da, 17:30ean. Argazkian, aurreko elkarretaratze bat Itzubaltzeta / Romon.
Ohi bezala, Gabon hauetan ere ugariak izaten ari dira euskal preso politikoen aldeko mobilizazioak. Tartean, abenduaren 23an, Olentzerok lagunduta, amnistiaren aldeko koplak abestuz ibili ziren Sopelan. Urtero bezala auzokide ugarik presoen aldeko aldarrikapena kaleratu zuten eta ekimen honetarako hiru hamarkadetako historia luzea duen ikazkin zaharraren panpina apaindu eta prestatu zuten.

Hona hemen Sopela.net agerkari digitalak egindako kalejiraren bideo-laburpena:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun