Pedro Bilbao doktore algortarraren omenezko liburuaren bigarren edizioa kaleratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 30a, 19:00
Gabonekin batera, “Getxoko herriaren omenaldia Pedro Bilbao doktoreari. Medikuntza prebentiboa eta osasun naturala” izenburuko espainolezko liburuaren bigarren edizioa salgai jarri dute. Oraingo argitalpenean XX. mende hasieran Algortan jaio zen pertsonai horren argazki berri ugari plazaratu dituzte. Medikuntza prebentiboaren aitzindarietako bat izan zen Portu Zaharrekoa. Idazlan horrek Pedro Bilbao doktorearen profila aurkezten dio irakurleari, arlo pertsonal zein profesionalean ezagutu zutenen testigantzen eta medikuaren beraren idatzien sorta baten bitartez. Ekimen hori sustatu duen herritarren batzordeak Getxoko Udalaren laguntza izan du idazlan horren ale berriak liburu-dendatan jartzeko. Argazkian, Pedro Bilbao doktorea Algortako Portu Zaharrean jaio zen 1909an.
Pedro Bilbao Encera 1909ko urriaren 9an jaio zen Algortako Portu Zaharrean. Familia xume bateko zortzi anai-arrebetatik gazteena zen. Bere adore, adimen, humanismo eta bizitza osoan erakutsi zuen lan egiteko gaitasunari esker, errespetu eta estimuan toki gorenetara iritsi zen. Bizipen latzak izan zituen, halere, irmotasunez eutsi zion bere jarrera baikor eta bizitzeko gogoari. Ikasteko eta irakurtzeko zaletasuna oso gaztetatik biztu zitzaion eta eskolan lortutako emaitzek laster erakutsi zuten bere adimenaren distira. Beka batzuen diru-laguntzari esker medikuntza ikasketak egin zituen, eta ogibide horretan eman zuen bizitza osoa. Zenbait hizkuntzatan berba egiten zuenez, eta jakiteko gogo handia zuenez, nazioarteko ospe handiko medikuekin hartu-emanak izan zituen eta garaiko aurrerapen zientifiko nagusienak biltzen zituzten argitalpenak eskura izan zituen.

Horri, eta bere adimen nabariari esker, bere garaiari aurrea hartua zion. Bizitzako ohitura osasungarriei buruzko gomendioak aurrerapen handia izan ziren eta, lanaren aldetik, oso arrakastatsuak izan ziren. Horri guztiari gehitu behar zaio Pedro Bilbao jauna zintzoa eta eskuzabala zela. Horregatik esan liteke, zalantzarik gabe, bere medikuaren jarraibidea ezin hobea izan zela, jakin eta ikasi, entzun eta kasu egin, begiratu eta ikusi egiten zuen medikua zelako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun