Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketako irabazleari saria kendu diote "atzerritarra" izateagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 30a, 22:45
Hilaren 19an, 2.298 atleta bildu ziren Itziar Lopez de Uralde atleta zena omentzeko lasterketa herrikoian parte hartuz. 27. edizioko gizonezko proba Herri Katalanetan bizi den Khalid El Aamri atleta marokoarrak irabazi zuen, 26'03" denbora eginez. Gainera, Tanzaniako Tadeo Nadak orain 15 urte ezarri zuen probako marka hautsi zuen zortzi segundoz. El Aamriren atzean, Evans Mayoyo keniarra (26' 05") eta Samir Ait Bouychmane marokoarra (28'42") sailkatu ziren. Alabaina, Espainiako Atletismo Erret-Federazioak estututa, eta probako araudiak horrelakorik jasotzen ez duen arren, El Aamriri probako saria zein marka berrikoa, bakoitza 600 eurokoa, kendu dizkio Itxartu Taldeak, probaren antolatzaileak. Argazkian, lasterketako irudi bat / © Itxartu Taldea.
Erakunde espainolaren ustez, federatuta dagoen Getxoko Atletismo Taldea laguntzaile gisa agertzean lasterketa bere arauen arabera jokatzekoa zen. Hortaz El Aamri "atzerritarra" izateagatik eta Araba, Bizkaia edota Gipuzkoan erroldatuta ez egoteagatik ez omen zuen parte hartzerik. Gauzak horrela, saria Francisco Javier Fontaneda bizkaitarrari eman zioten, laugarrenari. Emakumezkoen lasterketan, berriz, arazorik ez zioten jarri Lucy Karimi (31:02) keniarraren garaipenari, federatuta ez egoteagatik.

Sailkapenak hemen ikus daitezke.

Lasterketaren irudiak Itxartu Taldearen eskutik:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun