Handituz doa bidegorrien sarea Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abe. 31a, 13:51
Herriko bidegorrien sarea handitzeko asmoz, zati berri bat egiteko lanak agindu ditu Leioako Udalak. Erdialdetik abiatuta, Laubide biribilgunean amaitzen den bidegorria eta Artatza parkean dagoena lotuko ditu tarte horrek. Kilometro erdi baino gehiagoko luzera izango du eta Avanzada errepideko alde biak lotuko ditu lurpeko pasabide baten bidez, suhiltzaileen paretik. Bidegorri zati berri hori egiteko aurrekontua 120.000 eurokoa da eta lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute. Elexalde parkean hasten den bidegorria, Estartetxetik pasatu eta Lekuederrera heltzen da, Basaez auzoko sarrerara arte. Orain, zati berriarekin, Artatza parkera arte eta, horrekin batera, aurten Udalak Pinosolon egindako bidegorriarekin ere batuko da. Artatza parkea zeharkatzen duen bidea Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proiektua izan zen. Argazkia, bidegorria Elexalde auzoan / © Leioa.net.
Lotura berri hori egin artean, Leioako Udala bidegorriaren beste zati bat amaitzen ari da, Sabino Arana kaletik Udondoko bulebarra eta Elexalde auzoa lotzeko. Tarte hori behin behinekoa izango da, tranbiaren lanak amaitu arte. Garraioa abian jartzen dutenean, berriz, behin betikoa egingo dute toki berean.

Beste hiru ekintza

Hastear dagoen urteari begira, Udalak bidegorrien inguruko hiru ekintza berri aurreikusten ditu: alde batetik, Basaez auzoan bertan txirrinduentzako erraila sartzea eta luzatzea Landabarri egingo denarekin lotuz eta Artatza ekonomi jardueren gunea zeharkatuz. Bestalde, Artatza parkeko bidegorria luzatu nahi dute Pinueta auzora arte, Getxo udalerriko bidegorrien sarearekin lotzeko. Eta azkenik, Leioandiko urbanizazio lanak ahalbidetuko duten bidegorria egingo dute, udaletxea eta Sarriena auzoa lotuz.

Ekintza horiek guztiek, eginda daudenekin batera, 6 kilometroko bidegorrien sarea osatuko dute Leioan. Gauzak horrela, bide horiek Getxo udalerriko sarearekin lotuz, Leioatik hondartzara bizikletaz joateko aukera izango da laster. 2011rako aurreikusita dauden lehen ekintza biek 250.000 euroko aurrekontua dute eta urteko lehen seihilabetekoan hasiko dira martxan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun