Egunotan hainbat kontzertuz gozatzeko aukera dute eskualdeko musikazaleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 21a, 13:44
Gaur hasita eta datozen egunotan zehar zenbait musika emanaldi ikusteko parada izango dute eskualdeko melomanoek, gustu guztietarako gainera. Besteak beste, iluntzean abiatuko da "Neguko bidaia" kontzertu-solasaldien hirugarren edizioa, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Khantoria taldeak eskainiko du musika barroko entzunaldia, 19:15ean hasitako saioan, 4 eurotan. Kultur Leioan, berriz, Travellin´Brothers talde leioztarrak eta Mingo Balaguer harmonika-jotzailea izango dira, tokiko Bluesjazz Zirkuitoaren barruan. Emanaldia 21:30ean izango da, 6 euroren truke. Baina Uribe Kosta eta Erandioko mugetatik ateratzen ohituak ere badaude gure musikariak. Gaur bertan, Elorrioko Arriola antzokian (Ateneoa) emango du kontzertua Moby Dick bakarlari algortarrak, elektronika eta folka ederki asko nahasten dituen Zaldiak taldearekin batera. Hasteko ordua 21:00etan jarri dute eta sarrera 5 eurotan egongo da. Argazkian, Moby Dick bakarlaria Elorrion izango da gaur / cc-by-nc-sa Moby Dick Love.
Bestalde, Iñigo Coppel musikari getxoztarrak Bilboko Witch pubean (Kosme Etxebarrieta, 4) arituko da, 21:30etik aurrera. Hala ere, ez dute sarrera ordaindu beharko den ala ez zehaztu. Bizkaiko hiriburuan ere joko du gaur Celsius boskote getxoztarrak, "Viento a Favor" bere azken lana aurkezteko asmoz. Residence (Barrainkua, 1) aretoan izango da saioa, 22:00etatik aurrera, sarrera dohainik. Amaitzeko, bihar, larunbata, Kabolamusik Elkarteak Basauriko Txarraska gaztetxean antolatutako jaialdian izango da Ertz talde algortarra, Dabelyu (Bilbo), Khous (Nafarroa Garaia) eta Iam raros (Hernani) bandekin batera. Kontzertua 21:30ean hastekoa da eta sarrera 3 eurotan egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun