Berdegune bilakatuko dute Algortako Portu Zaharreko zabalgunea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 21a, 19:01
Martxoaren amaiera aldera hasiko dira Algortako Portu Zaharreko zabalgunea eta, horren parean, pasealeku moduan erabiltzen den oinezkoentzako gunea hobetu eta egokitzeko lanak. Egitasmoaren aurrekontua 400.000 euro ingurukoa izango da eta obrak amaitzeko epea pare bat hilabetekoa, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gaur aurreratu dutenez. Udal agintariak zehaztu duenez, "etorkizunean bertan zer izango den erabaki ez bada ere, ezin genuen dagoen egoeran utzi, behin betiko erabaki hori hartu arte". Guztira, 10.000 metro koadroko esparruan egingo dituzte lanak. Zabalguneari dagokionez, 7.500 metro koadroko azalera du, hau da, eremu osoaren %75. Berdegunea izango da bertan, lorategi ingelesaren erako soropila jarri eta 30 bat zuhaitz landatuko baitituzte. Horretaz gain, hogei argi berri inguru ipini eta inguruan dauden eserlekuak berrituko dituzte, Ereaga eta Portu Zaharra artean dagoen pasealekuari jarraipen estetikoa emanez. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa.
Berdegunearen argiztapenari dagokionez, Arregik zehaztu du bi argi-dorre izango direla, Ereaga eta Areetako hondartzak argiztatzeko daudenen modukoak, Getxoko Kultur Etxearen zein jaietako ekitaldiak egitea ahalbidetzeko. Lehen aipatu zuhaitzek, farolek eta eserlekuek ere ez omen dute trabarik eragingo, Hirigintza zinegotziaren arabera. Bitartean, zabalgune alboan eta itsasoaren parean dagoen pasealekutxoa (2.200 metro koadro) oso-osorik zaharberrituko dute, aparkalekura doan espaloia barne. Azken hori ez dute ukituko. "Erabaki honekin", gaineratu du Landa alkateak, "getxoztarren nahia betetzen da".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun