Erandioko Jota+Ge enpresak jaso du Marcelo Gangoiti Saria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 21a, 21:29
Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaoren eskutik jaso du gaur, Marcelo Gangoiti Saria, Santos Txakartegi Jota+Ge enpresaren zuzendari nagusiak. Somorrostroko Prestakuntza Zentroak antolatzen du sariketa urtero. "Enplegua sortzea, inbertitzeko ekimena, dinamizazio ekonomikoa edo ingurumenekoa, berrikuntzaren sustapena, gizarte-erantzukizuna eta enpresa nazioartera eramatea aitortzen ditu. Izan ere, horien bitartez, enpresaburuek Bizkaiaren biziberritze sozioekonomikoan parte-hartze aktiboa edukitzen dute", adierazi dute foru iturriek. Jota+Ge enpresa Erandion kokatuta dago eta 1985ean ekin zion bideari. Hain zuzen ere, beste marka batzuentzat lan egin eta hainbat sari eta aitorpen eskuratu eta gero, Juana Ruizek eta Garbiñe Urdampilletak beren izen eta lana elkartu dituzte, ospe gehieneko moda enpresetako bat sortzeko. Gaur egun, Jota+Gek 35 pertsonako lan taldea dauka egoitzan, eta beste bederatzi pertsona dendetan. Fakturazioa 8,5 milioi euro ingurukoa da urtean. Argazkian, Gangoiti eta Bilbao gaurko ekitaldian / © Bizkaia.net.
Sariak Marcelo Gangoiti apaizaren izena darama, hau da Bizkaiko seme kutun eta Somorrostroko Prestakuntza Zentroaren sortzailearena. Zentroa udalerri bizkaitarrean sortu zen Ezkerraldeko eta Meatzaldeko pertsonen prestakuntza osorako tresna gisa. Gaurko ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñaki Hidalgo Ekonomia Sustapeneko diputatua, Jose Maria Vazquez Eguskiza CEBEKeko presidentea eta Tomas Orbea SPRIren zuzendari nagusia. Jota+Gek aurreko urteetan saritutakoen zerrendan sartu du bere izena: Miesa Taldea, Zamakona ontziolak, Mebunik, Samper inprimategia, Gosan, Onduline, Lehoiko Biotz, ICT-ICM, Precicast Bilbao, Troquevi, Dic Coatings, Atonervión edo Inkoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun