Bi eskultura daude ikusgai Leioako Pinosolo parkean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 22a, 13:56
Leioako Udalak Pinosolo parkea prestatu du artista garaikideen eskulturak erakusteko aldi baterako leku gisa. Erabaki horren bidez, artea eta kultura uztartu nahi dituzte natura eta ingurumenarekin, "Estatu eta nazioartean ospe handiko artisten eskulturak harremanetan jarriz udalerri eta Bilbo Metropoliko natura espaziorik adierazgarrienetarikoarekin". Azken finean, "artea eta natura euren esentzian nahastu", udal iturriek zehaztu dutenez. Erakusketarako espazio berria, Leioako Udala eta Alfa Arte enpresaren arteko laguntza hitzarmenari esker inauguratu zuten atzo. Kalitate handiko bi eskultura izango dira bertan: "Chaos vascos" eta "Arraunlariak", Novatt eta Jesus Lizaso artista ospetsuen lanak, hurrenez hurren. Datorren udara arte egongo dira ikusgai. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkatea eta artista biak atzoko ekitaldian / © Leioa.net.
Leioako Udala eta Alfa Arteren arteko kolaborazio hitzarmenak tokiko erakundeak parkeko zenbait espazio uztea barne hartzen du, bi aldeen artean adostutakoak, enpresak lagatako obrak aldi batez erakusteko. Hortaz, Udalak bere gain hartzen dituen gastu bakarrak dira lursaila egokitzea eskulturak erakutsi ahal izateko, eta haiek lekuz aldatzea enpresaren tailer edo biltegietatik. "Pinosolo parkea, eskulturak erakusteko espazio bezala ulertua, Udalaren apustua da leioaztar zein Bilbo Metropoliko biztanleei eskaintzeko, paseorako, egoteko eta elkarrekin topatzeko ibilbide jasoa, kalitate handikoa, naturaz eta arteaz aldi berean gozatzeko lekua. Horrez gain, udalerriko eta metropoliko eskaintza turistikorako osagarria da, Bilbo eta Getxo artean", tokiko arduradunek adierazi dutenez.

Izan ere, Leioako Udalak espazio berde asko sortzeko "ahalegin handia" egin du azken urteotan, baita udalerritik sakabanatutako hainbat eskultura publiko kokatzeko ere. "Horretaz ari garela, Leioak eskultura publikoen patrimonio aberatsa, anitza eta zabala dauka, milioi eta erdi euro baino gehiagotan baloratua. Nahikoa da Leioak bere kale, plaza eta parkeetan dituen eskulturen egileen izenak aipatzearekin: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Jose Ramon Anda, Juan Jose Novella, Vicente Larrea, Remigio Mendiburu, Robert Krier, beste askoren artean", azaldu dutenez. Horietako eskultura asko Elexalde, Ikea, Mendibile eta Artatzako berdeguneetan ikus daitezke, baita Iparragirre eta Udondoko oinezkoentzako bulebarretan ere.

Pinosolo

Pinosolo parkea, 60.000 metro koadro (sei hektarea) baino gehiagoko aisiarako lursaila zen antzina. Pasa den mende hasieran bizi zen goi burgesiako familia dirudun baten jabegokoa zen, eta orain, zonaldeko hiri-garapenari esker, udal jabegokoa da. Leioako hiri-bihotzean dagoen biodibertsitatearen bitxi naturala da, eta ibilbide honi gehitzen zaio berezko nortasun markatuarekin. Behin ekimen hau abian jarrita, Udalak hitzarmena eskaini nahi die beste arte-enpresa batzuei, EHUko Arte Ederren Fakultateari eta gure inguruko museoei. Horrela, Bilbo Metropoliko Pinosolo erakusketa-espazio naturalarekin bat egin ahal izango dute.

Jesus Lizaso (Barakaldo, 1961)

Eskulturaren Euskal Eskola du iturri. Oteiza, Chillida, Ugarte, Basterretxea... inspirazio ditu, beste artista askorentzat bezala, eta ezinbesteko urrats ikasketak, artista-eboluzioak, eragin horrek asimilatzeak eta inspirazioak artista berezi bihurtu arte, berezko hizkuntzarekin. Lizasok eskultura publikoaren gaineko interesa dauka ere bai, eta horren bidez, nortasun zorrotza, ingurugiroarekiko adeitsua eta ironikoa azaleratzen ditu.

leioa-pinosolo-eskulturak

Jedd Novatt (New York, 1958)

Bere hiriko Sarah Lawrence Collegen Literatura eta Eskultura ikasi zuen, eta Eskultura Lacoste School of the Arts frantsesean. Manhattanen lan egin zuen 2002 arte, eta gaur egun, Parisen bizi da. Artearekin arrakasta izatea ez da bakarrik zorte kontua, hala dio eskultoreak berak. “Garrantzitsuena zugan sinesten duen jendea edukitzea da. Nire ama bai izan dela zortezko zerbait nire bizitzan, niretzat garrantzitsua zena ulertu baitzuen”, azaldu du.

leioa-pinosolo-eskulturak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun