Fredi Paya: "Bandera gorriak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 24a, 23:07
Fredi Paia - Berria.info] "Inork esango balu dagoeneko ez dagoela ez ezkerrik ez eta eskumarik ere, eskumakoa delako da". Alfonso Guerraren printzipio hori aplikatu izan dut sarri. Baina lagun argentinar batek olgeta interesgarriagoa planteatu zidan. Berak mundu osoko politikarien esaldiak irakurriko zizkidan. Nik eskumari edo ezkerrari zegozkion erantzungo nion. Ondorioa: "Inork esango balu dagoeneko ez dagoela ez ezkerrik ez eta eskumarik ere, boterean dagoelako da". Alegia, publikoaren erreakzioa ikusi arte ez dakigun bezala bertsoa ona den ala ez, boterera heltzen den arte ez dakigu ezkerrekoa nor den eta nor ez. Ezkerraren muinean gizartea aldatzeko nahia dago. Bipartidismoaren fartsan parte hartzen duten guztien leloa, hauteskunde guztietan, guztiak dira aldaketa. Eta jende guztia gauza bat denean, bakar bat ere ez delako da. Aldaketa bai, baina norantz? Argazkian, Amaiur erromeria taldearen azken kontzertua, Kukutza gaztetxean / cc-by-nc-sa Saioa Cabañas - Gau Ilunak.
Ezker klasiko postmarxistari galdetuz gero, Braianen Bizitzaren erreprodukzio fidela egingo dizute, gaur egungo arropekin. Fierki jerarkizatu eta debeku iraultzailez betetako XX. mendeko estatu zentralizatuen nostalgikoek euren 700 ismoez hitz egingo dizute. Eta gainera, batek ere ez du Santutxuko Sorgintxulo gaztetxean otu zitzaien txalapartismoa aipatuko. Gehien motibatzen nauena. Hara ezkerrak, benetako aldaketa nahi duenean boterea izateari dion beldurra. Asmatu gabe dagoena asmatu behar du eta sekula egin ez dena egin. Hobeto eta beste era batera.

2011n, nire ezkerreko erreferentzia unibertsalak Atlantikoaren alde honetan daude. Txikiak eta partzialak dira ismoen ondoan. Baina hobeto eta beste era batera dabiltza. Usurbil eta Hernaniko atez atekoa, Igorreko erabakiak hartzeko filosofia publiko eta parte hartzailea, Arbizu eta Aranazko auzo-lanak, Berriotxoaken bazterketa sozialaren aurkako performance bikainak, Langraizko infernuan aingerua den Salhaketa elkartea, Kukutza gaztetxea, Euskal Herriko Laborantza Ganbera… Horiek dira nire bandera gorriak.

Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun