Lankidetza hitzarmen berria izenpetu dute Getxoko Udalak eta Unai Basurkok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 25a, 17:27
Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) kudeatzen duen Getxoko Udal Bela Eskolak eta Unai Basurkok hitzarmena sinatu dute gaur, asteartea, Pakea Bizkaia Proiektua garatzen ari den bela irakaskuntza zein hedapena eta ingurumenaren aldeko ekintzak gauzatu ahal izateko. Akordioak lau urteko iraupena izango du eta, horren arabera, bela eskolak aretoetako bat utziko dio doan itsasgizon portugaletetarrak zuzentzen duen erakundeari. Getxoko Udalaren eta Basurkoren arteko elkarlanak aurrekaria du udalerrian bela kirola sustatu eta zabaltzeko sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean. Guztira, 2010-2011 ikasturtean, Getxo zein inguruko ikastetxeetako 4.000 bat ikasle igaroko dira Pakea Bizkaiak Kirol Portuan dituen instalazioetatik, eta "horregatik da hain beharrezkoa Udalak aipatuta aretoa uztea", zehaztu dutenez. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Rafael Munilla EKFBko presidentea, Alvaro Gonzalez Kirol zinegotzia eta Basurko bera / © Getxoko Udala.
Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak gogoratu du Bela Eskola 2008ko amaieran sortu zela eta "bere helburua belaren kirola demokratizatzea zela, hau da, belaz gozatzeko aukera mundu guztiari zabaltzea". "Horrez geroztik buru belarri aritu da kirol jarduera hori sustatzeko lanean. Berriro itsasora eta belara begira jartzeko aukera izan da, eta gazteak eta umeak erakartzeko kirola egitea baino hoberik ez dago”, gaineratu duenez. Helburu hori lortzeko, hainbat jarduera antolatzen dituzte: hala nola, kirola eskola, asteburuko irteerak eta estropadak, eta beste erakunde batzuekin lankidetza. Azken horiek, era askotako ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzeko. Horiei gehitu beharko zaizkie hemendik aurrera eskolako aretoan egingo diren Pakea Bizkaia egitasmoaren ekintzak, aretotik egunero 50 ikasle igaroko direla.

Abrako badia osora zabalik

Unai Basurkoren arabera, berriz, “bela Getxon sartzea lortu behar dugu. Nabigatzaile eta Getxoko bizilagun gisa, nire ametsa da eta egunero egiten dut lan horren alde. Garrantzitsua da bela urte osoan egitea. Hemen urte osoan nabigatzeko baldintzak ditugu. Eta eskola Getxoko bizilagun eta ume gehiagori zabaltzeko giltza da”. EKFBko presidenteak, Rafael Munillak, azkenik, Pakea Bizkaia egitasmoaren jarduerak bela eskolakoekin guztiz bat datozela nabarmendu du; eta horregatik, epe labur, ertain eta luzerako hitzarmena sinatu dela. Udal Bela Eskola aipatu kirola egiten hasteko eta hori berau sustatzeko zentroa da, “Getxo eta Abrako badia osora zabalik dagoena. Belak duen izaera elitista garaitu eta gizartera gehiago hurbildu behar dugu”, esan du Munillak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun