Itzubaltzetara helduko da bihar Euskal Herriko Mus Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 28a, 17:40
Euskal Herriko Mus Txapelketaren hirugarren edizioa azaroaren 27an abiatu zen Leitzan eta Miranda de Ebron. Abenduaren 19an, igandearekin, heldu zen Uribe Kostara; Sopelara, alegia. Hordagozaleen hitzordua Sekeko gaztetxean jarri zuten. Giro bikainean jokatutako kanporaketan, Antxon eta Enry bikoteak irabazi zuen. Hartara, eurak dira Bizkaia mailako kanporaketarako sailkatuta dauden lehenengo uribekostarrak. Otsailaren 27an Ondarroan izango da hori eta, orduan jakingo dute, martxoaren 12an Urruñan jokatuko den Euskal Herri mailako finalean izango diren. Hala ere, egongo dira eskualdeko bikote batek txapela janzteko aukera gehiago. Bihar, larunbata, Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan egingo dituzte sailkapen partidak, 16:30etik aurrera. Hala ere, ez du ematen izen-ematea tokikoentzat bakarrik mugatuta egongo denik. Bikote bakoitzak 20 euro jarri beharko ditu egunean bertan. Uribe Kostako beste udalerrien kanporaketei dagokionez, Berangon aurten ez dute egingo, bertokoek adierazi dutenez. Gainontzeko herriei dagokienez, hilaren 31 da herrietako kanporaketak egin ahal izateko azken eguna, antolaketa-arauen (pdf) arabera. Argazkian, seguru asko, tabako paketerik mahai gainean ikusteko aukerarik ez da egongo aurten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun