Jaialdiak eta auzolana izango dira nagusi asteburuan eskualdeko gaztetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 28a, 18:49
Bihar, larunbata, musikak beteko ditu Uribe Kostako gune autogestionatu gehienak. Itzubaltzeta gaztetxean Autogestio Jaialdia antolatu dute. Horrenbestez, DAR eta Esteka taldeak igoko dira agertokira, 20:00etatik aurrera, Izargi taldearen erromeriarekin amaitzeko. Sarrera 4 eurotan izango da. Leioako Udondo gaztetxean, berriz, Sin Pegas, Rabones eta Atadxs a Nada taldeek joko dute 20:00etatik aurrera, sartzeko 3 euro ordaindu beharko direla. Bitartean, Getxoko Txorimalo gaztetxean, "Preso bat, liburu bat" izeneko jaialdia egingo dute, Eztabaida gune antiautoritarioak antolatuta. Iluntzeko 8:30etik aurrera, Siroka eta Erasoka taldeak igoko dira agertokira, kontzertua eskaintzeko asmoz. Sarrera 3 eurotan izango da. Izan ere, bildutako diruarekin liburu bat bidaliko diote Getxo udalerriko preso politiko bakoitzari. Musika saioaren aurretik, arratsaldeko seietan, EPPKren historia eta herriko presoen gaur egungo egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du tokiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Argazkian, Ermitatze gaztetxea / © Plentzia eta Gorlizko ezker abertzalea.
Sopelako Sekeko gaztetxean, ordea, iganderako utzi dute musika emanaldia. Astebukaeran ohikoak diren hanburgesa gozoak eta giro paregabeaz gain, kontzertu akustiko batez gozatzeko aukera egongo da. Taldea Cock a Doodle Doo du izena eta lau pertsonek osatzen dute: bi gitarra, yenbea eta tronpeta. Hastapenetan dagoen talde horrek bere bigarren emanaldia eskainiko du, 20:30etatik aurrera. Baina, ez da guztia parranda izango eskualdeko zentro sozialetan. Plentzia zabaldu berri duten Ermitatze gaztetxean auzolanak egingo dituzte asteburuan, goizeko hamaiketan hasita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun