Mutil bat auziperatu dute Algortan tratu txarren biktima batengana hurbiltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urt. 28a, 20:42
Getxoko Udaltzaingoak 26 urteko mutil bat identifikatu eta auziperatu zuen herenegun, asteazkenarekin, tratu txarrak egin ei zizkion emakumearengana hurbildu eta urruntze-agindua urratu zuelakoan. Izan ere, babestutako biktimak Algortan duen bizilekutik gertu ibiltzea aurretik debekatu zion epaile batek. Baina, asteazkenean, arratsaldeko 6:30ak aldera, genero-indarkeriaren biktima direnengandik urruntzeko aginduak betearazteko zaintza eta jarraitze lanak egiten ari zirela, udaltzainek ustezko erasotzailea ikusi zuten neskaren auzoko taberna batean. Tokiko poliziek, biktimaren segizio lana amaitutakoan, ustez agindua urratu zuen gaztea zegoen tabernara bertaratu eta identifikatzeari ekin zioten. Nor zen jakin eta gero, udaltzainek Algortako auzotik alde egiteko eskatu zioten, urruntze-aginduak jasotzen duena betez. Halaber, aipatu agindua ustez ez betetzea egotzi zioten, zigortzeko eginbideak prestatzearekin batera. Gaztearen aurkako epaiketa azkarra egiteko izapideak ere bete zituzten. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.
Gertakari horren aurrean, Keltse Eiguren Getxoko Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak bere gaitzespena agertu eta honakoa adierazi zuen: "urruntze-agindu bat ez betetzeak esan nahi duela erasotzaileak biktimaren eskubideak urratzen jarraitzen du". Era berean, "urruntze-agindua ez betetzea bezalako ekintzek aipatu eskubidea beldurrik gabe erabiltzea galarazten dutela" azpimarratu zuen.

Eigurenek, bide batez, gogoratu zuen Gizarte Zerbitzuetako udal arloak (944 660 101), beharrezko ikustekotan, aholkularitza juridiko eta artatze psikologikorako zerbitzu bat eskura jartzen duela, eta baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimentzako telefonora (900 840 111), baita Udaltzaingoaren (944 660 202) eta SOS DEIAK-en (112) telefonoetara ere jo daitekeela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun