Erandioko senar-emazte batzuk atxilotu dituzte alabari tratu txarrak ematea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 2a, 14:49
Erandioko 34 urteko senar-emazte batzuk atxilotu ditu Ertzaintzak, 17 urteko alabari tratu txarrak ematea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, adingabeak gurasoen kolpeak eta irainak jasaten zituen, eta ez zuen beharrezko zaintza jasotzen. Egun adingabeentzako zentro batean dago. Gertatutakoa argitzeko lanetan, Ertzaintzaz gain, Adingabeen Fiskaltzak, Gizarte-Zerbitzuek eta ustezko biktimaren ikastetxeak parte hartu dute. Joan den urtarrilaren 27an jaso zuen Ertzaintzak Erandioko gizarte-zerbitzuen abisua. Bere gurasoen tratu txarrak ematen dizkiotela salatu zuen 17 urteko neskak. Alabaren salaketaren eta poliziaren ikerketaren arabera, azken indarkeria gertakaria aurreko asteburuan izan zen. Antza denez, aitak gerriko batekin jo zuen alaba, eta zauriak eragin zizkion bizkarrean, besoetan eta gorputzeko beste parte batzuetan. Salaketaren arabera, gertakari mota hori ohikoa zen, eta duela urte batzuetatik ematen zen. Amak, bere aldetik, iletik tira egin ohi zion, eta telefonora mezuak bidaltzen zizkion irainekin eta gutxiespenekin.
Biktimak asaldurak ditu bere osasunean eta bere oreka psikologikoan, tratu txar horien ondorioz. Eskolan eta gizarte-zerbitzuen bidez beste testigantza batzuk jaso ostean, gurasoei (biek dituzte 34 urte) tratu txar delitua egoztea erabaki zuen Ertzaintzak. Kasua epailearen esku dago jada. Polizia eginbideak burutzen ari ziren bitartean neska gizarte-laguntzaile baten babespean egon zen, eta orain adingabeen zentro batean dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun