"Eleaniztasunaren alde" egiten jarraitzen du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 2a, 17:54
Umeak eskolan sartzeko matrikulazio epea otsailaren 11ra arte zabalik egongo da. Hori dela eta, Getxoko Udalak, urtero bezala, hainbat ekimen jarri ditu martxan, gurasoei epeei eta egun dauden ereduei buruzko informazioa helarazteko helburuarekin. Horien artean, udalerriko 2 eta 3 urtetako 1.300 haurrek Imanol Landa alkatearen eskutitza jaso dute eskolaratzerakoan aukeratzen duten hizkuntza ereduaren garrantzia nabarmenduz. Gutunean udal agintariak adierazten du “hezkuntza eleanitzak haurraren eskola errendimendua indartu" egiten duela eta, "B (elebiduna) eta batez ere D ereduak (euskara hutsezkoa) eleaniztasuna" bermatzen dutela eta, ondorioz, umeek "bertoko bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz zein espainolez, hitz egiteko aukera" eskaintzen dutela. Landaren arabera, gainera, “eleaniztasunak hirugarren edo laugarren hizkuntza errazago ikasteko bidea irekiko dio haurrari”. Horren inguruko informazio zabalagoa izateko alkateak jakinarazi die familiei aurten ere “Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua” jarri duela eskuragarri www.getxo.net web gunean, “umeak-gurasoak” bikotea eta "eleaniztasuna" ardatz hartuta, hainbat aholkurekin. Getxoko Udalak izan ezik, Uribe Kosta eskualdeko tokiko erakunde guztiek bat egin dute Alkarbidek sustatutako D ereduaren aldeko kanpainarekin. Argazkian, udal arduradunak 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako Algortako Egunsentia haur-eskolan / © Getxoko Udala.
Bestalde, Getxo udalerriko auzokide etorkinei zuzenduta, Udalak informazio bilera bat antolatu du biharko, ostegunerako, Bizarra Lepoan euskara elkartearekin elkarlanean. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Algortako kultur etxean, Villamonten, euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendua azaltzeko: zer den euskara, zein eredu mota dauden eta bi hizkuntzatan egindako hezkuntzaren "abantailak azaltzeko", besteak beste. Batzarrera seme-alabekin joateko aukera ere egongo da, begiraleen zerbitzua jarriko baitute, aurretik 944 660 151 telefono zenbakian abisatuta. Horren berri emateko, Udalak kanpotik etorri eta udalerrian bizi diren 0 eta 6 urte bitarteko umeen 200 bat familiei eskutitz bana bidali die.

Ekimen "baliagarriak"

Udalak urte osoan zehar abian du haur jaioberrien familiei zuzendutako Emaiozu Euskara ekimena eta urtebeteko umeak dituzten gurasoentzako Euskara Ahoan egitasmoa, hezkuntza elebidunaren aldeko hainbat gomendiorekin. 2010ean 1.400 bat familiek jaso zituzten aipatutako ekimenetan bidalitako oparia eta materialak (adinaren arabera, orri-markatzailea, adur-zapia, askarirako poltsatxoa, CDa...). Ekimen horiek guztiak euskararen erabilpena sustatzeko "baliagarriak" direlakoan dago Tokiko Gobernua. Zabaldutako datuen arabera, oraingo ikasturtean Lehen Hezkuntzako 10 ume getxoztar bakoitzeko bost D ereduan ikasten ari dira, hiru B ereduan eta bi A ereduan, duela 20 urte "aldrebes" zen bitartean (sei haurrek ikasten zuten A ereduan, bik B ereduan eta bik D ereduan).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun