Algortako Andres Kortina kalea ekainerako oinezkoentzat zabaltzea espero dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 2a, 21:02
Ekainean Algortako Andres Kortina kalea oinezkoentzat zabaltzea espero du Udalak. Egun, itxita dago, Getxo Antzokiko aparkalekua eraikitzeko lanak direla eta. San Nikolas plaza azpiko parkingeko obrak "erritmo onean" doazela aipatu dute tokiko agintariek: "horri esker ireki ahal izango da aipatu kalea iragarritako epen", adierazi dutenez. Hortaz, 2013an "udalerriko kulturaren itsasargitzat" daukatena amaitu aurretik urbanizatuta geratzea aurreikusi dute. Udal Gobernuak aste honetan bertan onartu du kale horretako lanak esleitzeko proposamena. Getxo Antzoki berriaren gaineko proiektuaren bigarren fasearen barruan daude horiek. Zehaztu dutenez, egun egiten ari diren obrekin batera egingo dira. Gogoratzekoa da egun proiektuaren hirugarren faseko lanak ere martxan direla; antzoki berria izango denaren lurpeko egitura eraikitzekoak, alegia. Azken horiek aurtengo udako erdialdean egon litezke amaituta. Argazkian, Getxo Antzokiko lanak zirela eta, oinezkoentzako pasagunea jarri zuten 2009ko abenduaren 31n Algortako San Nikolas plaza inguruan / © San Nikolas Auzo Elkartea.
Ahalik eta lasterren, Andres Kortinatik igarotzea ahalbidetuko dela esan dute udal arduradunek, kalea urbanizatuz eta oinezkoentzat zabalduz behin betiko. Beraien hitzetan, "oinezkoentzako trabak denbora luzez saihestuko dira, San Nikolas plazako kanpoko urbanizazioren azken faseari ekin artean". Horrenbestez, aparkalekuan ibilgailuak sartu eta irteteko arrapalatik San Nikolas elizako atze aldeko elizpera sartzeko eskailera guneraino doan tartean hartuko dute obrek. Bidearen zati handi bat, garajeetako sarbideko arrapalatik udal liburutegiaren pareraino artekoa, oinezkoentzat baino ez da izango, plazaren luzapena izango baita. Kalearen bigarren tartea, liburutegitik atze aldeko elizpeko eskaileretaraino doana, gune asfaltatua izango du ibilgailuentzat. Zoru hori eta oinezkoentzako gunekoa maila berean egongo dira plataforma bakarra osatuz. Lan horietarako aurreikusitako aurrekontua 606.000 euro ingurukoa da. "Dirutza horrek ez du ekarriko hasierako aurrekontua handitzea. Izan ere, San Nikolas plaza eta bere ingurua urbanizatzeko aurrekontu orokorrean sartuta dagoen obra aurreratua da", amaitu dute udal iturriek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun