Sopelako EAJk "aurrekontuen zirriborrorik ere ez" duela aurkeztu salatu du ezker abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 2a, 23:49
2011ko otsailean gauden arren, Sopelako Udalean ez dira oraindik aurtengo aurrekontuak aurkeztu, ezta horien zirriborroa ere, tokiko ezker abertzaleak kritikatu duenez. Hori dela eta, urtarrileko Ogasun Batzordean hautetsi independentistek aurrekontuez galdegin zioten EAJko gobernu taldeari, eta “horiek ebazteko ziurrenik otsailean ez-ohiko udalbatzar bat" egingo dutela erantzun zien Gonzalo Garcia jelkideen bozeramaileak, Sopela.net agerkari digitalak zabaldutakoaren arabera. Ezker abertzaleko zinegotziek "oso larritzat" jo dute atzerapena. Alde batetik, "aurretiazko aurrekontuak (aurrekontuen zirriborroa) oraindik ez zaielako helarazi udalbatza osatzen duten taldeei". Argazkian, aurreko udal batzar bat Sopelan.
"Honek esan nahi du aurrekontuak aurkeztuko diren unetik osoko bilkuran eztabaidatuak izango diren egunera arteko epe laburrean ezinezkoa dela gogoeta sakonik egitea, eta are gutxiago ekarpenik edo emendakinik aurkeztea. Alegia, EAJk ez duela inolako aukerarik eman nahi aurrekontuak ezagunak eta eztabaidatuak izan daitezen", salatu dutenez. Bestalde, atzerapen hori "legealdi osoaren isla" dela adierazi dute hautetsi independentistek, "lau urteotan oso berandu onartu baitira beti aurrekontuak". Kritikatu dutenez, "ohikoa izan behar zen prozedura, hau da, aurrekontuak azaroan edo abenduan onartzea, ez da behin ere bete legealdi osoan zehar. Beti onartu dira otsaila eta maiatza artean".

Atzerapena "beti kritikagarria bada, "aurten larriagoa" deritzo ezker abertzaleak, "onartuko diren aurrekontuak bakarrik bi hilabetetan egongo baitira egungo udal gobernu taldearen ardurapean". "Maiatzean izango dira udal hauteskundeak, eta beraz eztabaidatuak izan ez diren, eta ekarpenik izan ez duten aurrekontuek mugatuko dute hurrengo udalaren lana lehen urtean", amaitu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun