Inbertsiorik handienak kirol azpiegituretan egingo ditu Berangoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 3a, 12:31
"Enplegua sortzeko" asmoz, inbertsio handiak egiten jarraituko du aurten Berangoko Udalak. 2011ko aurrekontuak iazkoak —7,8 milioi euro izan ziren— baino txikiagoak diren arren, orotara 7.555.451 euro onartu dituzte. Inbertsioen buruan Karabiganeko kirol pabiloia amaitzeko obrak daude. "Kirolaren alde egiten duen apustuarekin bat" datorren proiektuaren bigarren fasera 820.000 euro bideratuko ditu tokiko erakundeak. Bertan izango dira taldekako kiroletarako jokaleku eta instalazioak, Iturriagako futbol zelaitik gertu. Lanak bukatuta erabilera anitzeko kantxa egongo da erabilgarri: futbito, eskubaloia, saskibaloia edo boleibola egiteko, hurrenez hurren. 150 lagunentzako harmailak ere hartuko ditu pabiloi erako eraikinak, baita jokalarientzako aldagelak ere. Bitartean, Sabino Arabako kiroldegi berriaren proiektua diseinatzeko lanak esleitu dira jada. Herrigunean egongo da azken hori. Bestalde, Simon Otxandategi eta anbulatorioaren arteko eremuan kirol gunea jartzeko 365.000 euro gorde dituzte. Bertan, gimnasia aparatuak izango dira, atari zabalean. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea.
Inbertsioekin jarraituz, hirugarren tokian dira hezkuntza zentro publikoak, 133.000 eurorekin. Aipatu diru kopurua orain bi ikasturte Berango-Merana ikastetxean hasitako erreforma integrala amaitzeko erabiliko dute. Nagusiki, oztopo arkitektonikoak kentzeari jarriko diote arreta. Bide horretan, sartu-irteerak errazteko arrapalak eta leiho berriak jarriko dituzte, azken horiek isolamendua areagotu eta energia kontsumoa murrizteko asmoz. Horretaz gain, olanak ipiniko dituzte ikastetxean eta haur eskolan. Bide eta berdeguneen berriztapena ere Berangoko Udalaren "lehentasunen artean" egongo da.

Hainbat lan Santa Ana aldean

Santa Anako parkeak ingurune hori urbanizatu eta zerbitzu egokiez hornitzeko balioko du, behin auzoan Berango Antzokia altxatu dutela. Eraikin hori eta kultur etxe aurreko plazan txikientzako zabuak jarriko dituzte. Horretara 50.000 euro bideratuko dituzte. Beste 40.000 euro ahalik eta informazio panel argitsu gehien jartzeko erabiliko dituzte. Santa Anako eraikin soziokulturalari azken ukitua emateko, berriz, 110.000 euro gorde dituzte. Dirua barruko lokalak banatzeko erabiliko da; baita estalkia eta elektrizitate kableetarako ere. Azken horiek lur azpitik joango dira. Horretaz gain, 35.000 euro baliatuko dituzte Santa Anako kultur etxeko estalkia eta banaketa hobetzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun