Naroa Intxausti sopranoak eta Mario Lerena pianistak kontzertua emango dute bihar Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 3a, 13:12
Neguko bidaia” izeneko kontzertu-solasaldien zikloaren hirugarren emanaldia izango da bihar, ostirala, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Oraingo honetan, errezitaldi lirikoa eskainiko du Naroa Intxausti sopranoak, Mario Lerena piano-jotzaileak lagunduta. Emanaldian Andres Isasiren, Jose Maria Usandizagaren, Maurice Ravelen eta Charles Gounoden abestiak eskainiko dituzte, udal iturriek zehaztu dutenez. Naroa Intxaustik Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen kantu ikasketak eta emaitza altuenak lortu zituen. Nazioarteko lehiaketetan hainbat sari irabazi ditu eta, egun, Berlinen zein Donostiako Orfeoiarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eskainiko dituen hurrengo emanaldiak prestatzen ari da. Mario Lerena pianista getxoztarrak, bere aldetik, Andres Isasi Musika Eskolan hasi eta Bilboko Goi Mailako Kontserbatorioan bukatu zituen ikasketak. Bere ibilbidean zehar, hainbat sari eta ohorezko aipamen jaso ditu. Bakarlari gisa, besteak beste, Leongo eta Helsinkiko hainbat agertokitan aritu da. Gaur egun, Euskal Herriko eta Aragoiko orkestra eta ahots-talde ezberdinekin elkarlanean dihardu. Kontzertua 19:15ean hasiko da eta sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Argazkia: cc-by-nc-sa Agirregabiria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun