Getxoko Ertzaintzak gizon bat atxilotu du sexu-abusua egin eta Internet bidez adingabeak prostituitzera bultzatzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 3a, 19:38
Neguriko ertzain-etxeko agenteek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute sexu-abusua egitea eta adingabeak prostituitzera bultzatzea egotzita. Aipatu laguna duela bi hilabete ere atzeman zuten delitu berberak leporatuta, eta kartzelatu egin dute. Interneten bitartez jartzen omen zen gizonezkoa nerabeekin harremanetan, diruaren truke harreman sexualak izateko asmoz. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen duela hiru aste, ezezagun bat hiru neska-mutilekin Tuenti sare sozialaren bidez harremanetan jarri zela jakin zuenean, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Aurrerago atxilotu zuten pertsona bera zela egiaztatu zuten agenteek, eta berriro harrapatu zuten atzo, asteazkena, Bilbon. Litekeena da salaketa aurkeztu duten gazteak eskualdekoak izatea; lehen aipatu bezala, Neguriko ertzain-etxeko agenteak arduratu baitira ikerketaz. Ustezko gaizkileari sexu-abusu delitu bat, adingabeak prostituitzera behartzea, eta urruntze agindua haustea egozten dizkiote. Gaur gauean kartzelatu dute, epaileak horrela aginduta.
Antza denez, aurrekoan bezala, jazoeren egileak zenbait identitate eta posta elektronikoko helbide ezberdin zituen, eta bere burua mutil gaztetzat aurkezten zuen. Zenbait kasutan, biktimekin telefonoz hitz egin zuen, eta bere ahotsaren tonu heldua gaixotasun baten ondorioa zela esaten zien. Bere helburua beti zen diru kopuru txikien ordainez sexu harremanak izatea. Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du, delitu mota hori beste neska-mutilen bati egin dion edo egiten saiatu den jakiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun