Agate Deunaren omenezko koplek jantziko dute bihar Uribe Kosta eta Erandio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 3a, 20:08
Bihar, otsailak 4, Agate Deuna bezpera, ez dira gutxi izango koplak abestera kalera aterako diren Uribe Kosta eta Erandioko ikastetxe, elkarte eta lagunarteak. Besteak beste, Getxo udalerrian, 25 urte beteko ditu ohiko koru jaialdiak. Egunean zehar, 33 talde arituko dira tradiziozko kantak abesten kalez kale, Getxoko Kultur Etxeak aurreratu duenez. Eskola-taldeek zabalduko dute jaialdia goizez. Orotara, hamaika taldek abestuko dute eskola-ordutegian. Bestalde, helduen taldeek eta talde mistoek (guztira, 17 talde) 18:00etatik 21:00etara jardungo dute. Emanaldiak bi gunetan izango dira: lehenengoa, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan; eta, bigarrena, Algorta eta Getxon. Bigarren gune horri dagokionez, abesbatzak Telletxe plazan batuko dira 20:00etan, guztien arteko emanaldia eskaintzeko. Sopelan, berriz, 180 euroko dirusaria jaso ohi dute izena ematen duten taldeek. Horrenbestez, sei toki izango dituzte, halabeharrez agertzekoak. Horietako bi Urgitxeta plaza, 13:00etan edo 18:00etan; eta udaletxeko plaza, 14:00etan edo 19:00etan. Ibilbidea goizez edo arratsaldez egiteko aukera dago. Gainontzeko lekuak ondokoak dira: Irubide taberna, Larrabasterran; eta Gurea, Brendan´s Isle eta Laiak, Sopelan. Bestalde, Leioan, 22 urte beteko ditu aurten Santa Ageda kantuen lehiaketak. Udalerri leioaztarrean, besteak beste, 18:30ean, Lamia AEK euskaltegian jarri du santa eskean ateratzeko hitzordua Berbalamiñe euskara taldeak. Kantuan bukatutakoan lunch txiki bat eta poteoa egingo dituzte. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun