EHUk datorren ikasturtean zabalduko du Plentziako Itsas Estazioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 7a, 19:21
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE) eraikineko lanak amaitzear dira. Hala, tokiko erietxe zaharreko egoitza laster izango da prest, eta, aurreikuspenen arabera, datorren irailean irekiko ditu ateak. EHUren goi mailako ikerketa- eta irakaskuntza-gune horretan, itsas ingurumenaren osasunari eta hark giza osasunean duen eraginari buruzko ikerketak egingo dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak lehen bisita ofiziala egin du gaur bertara. Ekitaldi horretan, honako ordezkari hauek parte hartu dute: EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak; Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok; Ionan Mari Gomez eta Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zientzialari zuzendari kideek; Ingurumeneko diputatu Iosu Madariagak; Bizkaiko campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonaindiak; eta Ikerketako errektoreorde Miguel Angel Gutierrezek. Plentziako Itsas Estazioa Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du, 7 milioi euroko laguntzaz. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Bilbao, Goirizelaia eta Mari Gomez / © EHU.
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE) proiektuaren bidez, ingurumen-zientzien eta ingurumen-hezkuntzaren esparruko irakaskuntza sustatu eta garatu nahi dute, baita itsas biologiako eta bioteknologiako ikerketa-jarduera ere. Zehazki, itsas ekosistemaren osasunarekin, ingurumenaren gorabeherek giza osasunean duten eraginarekin eta itsasoko biobaliabideekin lotura duten gaiei buruzko ikerketa eta prestakuntza landuko ditu. PIEn, merkataritza-intereseko animalia espezieen (arrantza-tokiak, itsaski-bilketa eta akuikultura) nahiz bestelakoen analisiak gauzatuko dituzte, besteak beste, itsas ingurunearen osasunaren ebaluazioa egiteko. Prestakuntzari dagokionez, graduondoko prestakuntza eskaintzeaz gainera, herritarrei begirako dibulgazio zientifikoko ekimenak bideratuko ditu, eta goi mailako teknikarien prestakuntzarako eta prestakuntza iraunkorrerako jarduera espezifikoak antolatuko ditu.

Era berean, aholkularitza zientifiko-teknikoa eskainiko die ingurumen-enpresei, industriei eta administrazioari, isuri toxikoei buruz, ingurumenaren kutsadurari buruz eta Europako legedien aplikazioari buruz.

Instalazioak

Plentziako Itsas Estazioaren egoitzaren eraikina 1923koa da; Bizkaiko Aurrezki Kutxak eraiki zuen, hezurretako tuberkulosia zuten gaixoentzako helioterapia erietxe bat ezartzeko. Aurrerago, BBK-k Plentziako Udalari laga zion eraikina, eta tokiko erakundeak EHUri utzi dio, oraingo proiektua gauzatzeko.

2.500 metro koadrotik gorako azalera du, bost mailatan banatuta. Sotoan, arazte-sistemak eta banaketa-tangak ezarri dira. Instalazio horiei esker, itsasoko ur-bolumen handiak erabili ahal izango dira (12.000 litro orduko emaria), eta, horrela, gaur egun ezinezkoak liratekeen esperimentuak egin ahal izango dira, euskal ikerketa-taldeek gaur egun beren jardueran dituzten muga asko gainditzeko aukera emango baitute.

Erdi-sotoan bi gune bereizi dira. Batetik, Esperimentazio Gunea, honako hauek osatua: esperimentazio akuariologikorako eremua (akuarioak, laborategiak…); espezimenen bankua; segurtasun biologikoko aretoa, 3 mailakoa; eta, terrazan, mesokosmosa. Eta, bestetik, Gune Soziala, ekitaldi-aretoak eta zenbait gela atxikik osatua.

Behe solairuan graduondoko eskolak emango dira; han egongo dira idazkaritza, zuzendaritza, bulegoak, ikasgelak eta praktiketarako laborategiak.

Lehen solairuan ikerketa-laborategiak eta liburutegia ezarriko dira. Liburutegiak, funts propioez gainera, EHUko Liburutegi Nagusiko bibliografia-bildumarako sarbidea eskainiko du.

Teilatupea klimatizazio-instalazioak, aireztapenekoak, eta abar ezartzeko erabili da.

Horrez gain, aipatzekoak dira begiratokiak, 200 metro koadrotik gorako eremua hartzen dutenak.

Zerbitzuak

Instalazio horietan ezarriko diren zerbitzuei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak dira honako hauek:

Itsas ekosistemaren osasunaren ikerketa-laborategietan, Ingurumen Bioespezimenen Bankuaren proiektu pilotua landuko da; proiektu horren barruan, muskuilu, ostra, korrokoi, antxoa, legatz, aingira eta abarren lagin biologikoak bilduko dira, baita hainbat laginketa-kanpainatan lortutako serie historikoak ere. Bankua Europako eta munduko banku-sareen barruan sartuta dago, eta laginen trukea eta arlo horretako lankidetza erraztuko du horrek. Gainera, Euskadiko mota horretako lehen bankua da.

Itsas biologiako esperimentazio-zerbitzua, instalazio bereziez hornitua, hala nola, ur-patologiaren esparruko esperimentaziorako segurtasun biologikoko aretoa eta itsas ureko mesokosmosak. P3 segurtasun biologikoko aretoari esker, parasitoekin eta patogenoekin lan egin ahal izango dute ikertzaileek, kutsadura kimikoaren ondorioen eta infekzio eta infestazioek itsas animaliengan duten eraginaren arteko lotura ikertzeko, baita espezie inbaditzaileen biologiaren hainbat alderdi lantzeko ere.

Unibertsitate-mintegiak dibulgazio zientifikoko jarduerak eta ingurumen-hezkuntzakoak nahiz kontzientziaziokoak antolatuko ditu; baita maila ertaineko eta goi mailako teknikarientzako espezializazio ikastaroak eta graduondoko eta doktoregoko prestakuntza-jarduerak ere. Zehazki, nazioarteko bi master eta doktorego irakatsiko dira zentroan: Marine Environment & Resources, EHUk eta Bordeleko eta Southamptoneko unibertsitateek emana, eta Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia, biak ere ingurumenaren osasunaren eta, bereziki, itsas ingurunearen osasunaren ikerketan oinarrituak.

20 ikertzailek eta hogeita hamar bat doktoregaik osatutako lan-taldea eta haiei laguntzeko dozena bat teknikari eta administrari arituko dira zentroan lanean, baina nazioarteko ikertzaile adituak eta prestakuntzan diharduten ikasleak ere erakarri nahi dira, lehentasunezko ikerketa-ildoak sustatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun