Leioako Umore Azokak 400dik gora eskaera jaso ditu 12. edizioan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 7a, 19:28
Leioako Kaleko Artisten Azokak maiatzaren 12tik 15era arte ospatuko du bere hamabigarren edizioa aipatu herri uribekostarreko kale, plaza eta espazio publikoetan. Kaleko arteen profesional eta ikuslego zabala biltzen dituen ekimen honetan parte hartzeko 400dik gora eskaera jaso dituzte antolatzaileek. Joan den urtarrilaren 21era arte zabalik egon den deialdira, orotara, 338 erakunde aurkeztu dira. Konpainiekin batera, ordezkari artistiko eta banatzaileek ere euren eskaintzak proposatu dituzte, eta orain, antolatzaileek eta batzorde artistikoak 400dik gora egitasmo aztertu eta baloratu beharko dituzte, azken aukeraketa egiteko eta, hartara, hamabigarren edizioaren programazioa osatuko duten 50 ikuskizunen hautaketa gauzatzeko. "Hori dela eta, Leioako hitzorduak kaleko arteen sektorean duen garrantzia berretsi du beste behin ere, konpainia eta artista askok ikusleen eta profesionalen aurrean euren proposamen artistikoak aurkezteko Leioa hautatu baitute", nabarmendu dute antolatzaileek. Argazkian, iaz plazaratutako ikuskizunetako bat / © Umore Azoka.
Umore Azoka-Kaleko Artisten Azoka Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Sailak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Leioak, lau egunez, antzerkiarekin batera bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du, harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera eskainiz, antzerkia eguneko 24 orduetan bizi ahal izateko foroa bilakatuz. Kaleko antzerkia ardatz dela, Umore Azokak urterik urte Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu Leioara, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista berriei euren lanak erakusteko aukera emanez; horri guztiari esker, azoka gisa finkatu egin da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun