Arantzako aterpetxean asteburu pasa prest daukate Leioako ume euskaldunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ots. 8a, 18:25
Lehenengo irtenaldia prest dauka jada Leioako Euskara Zerbitzuak sustatutako Txilinbueltaka egitasmoak. Martxoaren 4tik 6ra, Arantzako (Nafarroa Garaia) aterpetxean asteburu pasa egiteko aukera izango dute 1999 eta 2004 artean jaiotako ume euskaldunek. Horrenbestez, ostiral horretan abiatuko dira, 18:00etan, udaletxeko aparkalekutik. Igandean, 17:30 inguruan helduko dira toki berera. Izena emateko epea otsailaren 15era arte egongo da zabalik, Kultur Leioan dagoen Euskara Zerbitzuan, 9:00etatik 14:00etara. Neska-mutil bakoitzeko 42,82 euro ordaindu beharko dira. Gogoratu behar da irtenaldi honek kopuru mugatua duela, beraz zenbat eta arinago izena eman hobe. Apuntatzeko erantsita dagoen dokumentua (pdf) bete behar da eta Osakidetzako txartelaren fotokopia aurkeztu. "Ezin dugu ahaztu, ekintza honen helburua aisialdian euskarazko gune bat izatea da, beraz egitarau honetan parte hartzen dutenek gaitasun nahikoa beharko dute egun horietako elkarbizitza euskaraz egiteko", azpimarratu dute udal arduradunek. Argazkian, Nafarroa Garaiko Arantza herria / © Leioa.net.
Aurtengo Txilinbueltaka berrikuntza batzuekin dator. Alde batetik irtenaldiak lau hilabetetan metatzen dira: otsaila eta maiatza artean, hain zuzen. Bestalde, eskariari erantzuteko asmoz, irtenaldietako plaza kopurua igo dute ahal izan den neurrian. "Horrek euskararen erabilera den helburu nagusia betetzeko arazoak ekarri ditu", tokiko arduradunen arabera. Hori dela eta, aurten bi aldaketa egitea "beharrezkotzat" jo dute: lehenengo eta behin, laugarren irtenaldia jarri dute udazkenean, Txilinbueltaka urte osoko ekintza izan dadin. Bigarren, irtenaldi bakoitzaren parte-hartzaile kopurua 50era murriztea erabaki da, euskararen erabilera errazteko. Hala ere, plaza kopurua, orotara, ez da murriztuko, iazko 194 tokien aldean aurten 200 eskainiko baitituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun