Romoko Kultur Etxe berria udaldian hasi nahi dute

Romoko Kultur Etxe berria 2010eko erdialdean egiten hasiko zirela iragarri zuen orain hamalau hilabete Getxoko Udalak. Urtarrilean, berriz, Santa Eugeniako eskola zaharrak orduan ez botatzeko eskatu zien tokiko agintariei PPk, aste horietan azterketak prestatzen zebiltzan ikasleak kaltetuko zituztelakoan. Azkenik, otsailaren 3an, obrak aurtengo udaldian hasiko direla jakinarazi zuen Imanol Landa alkate getxoztarrak. EAJren Gobernu Taldeak eraikinaren oinarrizko proiektua osatzen duten bi faseetako aurrenekoa onartu du jada. Hartara, berehala kontratatuko dute hasierako lanak egingo dituen enpresa. Obra horiek 3,1 milioi euroko aurrekontua izango dute eta amaitzeko epea urtebetekoa izango da. Lehenik eta behin, eskola zaharrak bota egingo dituzte, ondoren Santa Eugenia plazako orubean indusketa egin eta udal ekipamendu berria hartuko duen erakina altxatzeko. Argazkian, ondoko itxura izango du Romoko Kultur Etxeak / © Getxoko Udala.

Kultur etxe berria "Getxoko gizarte-etxe handia" izango da, alkatearen arabera. “4.000 metro koadroko ekipamendua hartuko du kulturari eta arteari zuzendua, liburutegi, entsegu-areto, auditorio eta abarrekin; oro har herritarren eta, bereziki, giza elkarteen beharrei erantzungo diena orain eta etorkizunean ere. Horrez gainera, Romo eta Areetako auzoen epizentro eta topaleku bihurtuko da”, aipatu zuen Landak. Lehen fase horren ondotik etorriko da bigarren bat eraikinaren kanpoko hormak itxi eta barru aldea eta instalazioak atontzeko. Tokiko agintarien ustez, 2013an zabalduko da “azpiegitura abangoardistaz eta punta-puntako teknologiarekin hornitutako” ekipamendu berria. Udalak 8 milioitik gora euro inbertituko ditu, guztira, bertan.

200 lagunentzako erabilera anitzeko areto nagusia

Eraikin berriak kultur eta giza jarduerari lotutako erabilera sorta zabal eta osoa eskaintzea bermatuko du, udal arduradunen arabera. Eraikinak sei solairu eta sotoa izango ditu eta era askotako instalazioak hartuko ditu, hala nola, erakusketak ipintzeko, ikasteko eta entseguetarako aretoak. Liburutegia, ludoteka, taberna, eta horiez gain, behin behinean behintzat, Nagusien Etxea eta udal Euskaltegia ere izango dira bertan.

Sotoan 200 bat lagunentzako erabilera anitzeko ospakizun-aretoa kokatuko da. Solairu horretan bertan, beste instalazio batzuk izango dira: aldagelak dutxekin, telekomunikazioen gela eta udal artxibategi digitala, liburutegi-fondoa... Sotoak solairuartea ere izango du biltoki gisa erabiltzeko.

Azalean diren solairuei dagokienez, behekoan hall nagusia izango da, informazioa-harrera, erakusketa-aretoa, ludoteka, herritarren arreta bulegoak (HAB) eta plazan bertan sarlekua edukiko duen taberna batekin batera, besteak beste.

Lehen eta bigarren solairuetan liburutegiko instalazioak egongo dira. Lehenengoan, harrera, informazioa eta mailegu gunea, hemeroteka, kontsultarako ordenagailuak, ikasteko gelak, bakarkakoak zein taldekoak, lekutuko dira.

Bigarrenak, "umetxoteka" eta ume-gazte liburutegiaz gainera, Nagusien Etxea hartuko du behin behinean, gimnasia leku, telebista ikusi eta irakurtzeko gela, ile-apaindegi, podologia-kontsulta eta bestelako zerbitzuekin.

Hirugarren solairua udal Euskaltegiak beteko du bere gela eta bulegoekin eta, laugarrenean, erabilera anitzeko aretoak izango dira, gela bakun eta bikoitzekin.

Bosgarren eta azken solairua musika eta dantzari egongo da zuzendua. Erabilera anitzeko aretoak edukiko ditu, dantza, abesbatza eta pop-rock taldeen entseguetarako (horietako bat grabazio-estudioarekin) eta elkarteen egoitzak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun