EHUko estatutu berriak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) estatutu berriak onartzen dituen akordioa onetsi du gaurko bileran, Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez. EHUren estatutu berriek klaustroaren gehiengo handi baten babesa izan zuten 2010eko irailaren 23an eta "hobekuntza nabarmenak" jasotzen dituzte, Gasteizko Gobernuaren arabera. Horien artean, Unibertsitateko Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren osaketa berria aipa daiteke. Klaustroan, unibertsitateko kideen ordezkaritza organo gorenean, klaustrokideen kopurua 303tik 243ra murriztuko da; eta Gobernu Kontseilua, unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ezarri eta garatzen dituena, handitu egingo da eta guztira 47 kide izango ditu. Argazkian, Isabel Celaa eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea erdian, Patxi Lopezen ondoan, artxiboko irudian / © EHU.

Halaber, estatutu berriek unibertsitateko kide guztiei dagozkien eskubide eta betebehar komunak hartzen dituzte; ikasleen ordezkaritza organoak gehiago aitortu eta ikasleen araudi bat aurreikusten dute; irakasle eta ikertzaile figura berriak arautzen dituzte; Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuak Administrazio eta Zerbitzuetako langileengan duen eragina jasotzen dute. Azkenik, Aldezle EHUko arartekoaren arautzea aldatu dute hautaketa errazteko, behar duen adostasun zabala alde batera utzi gabe, eta EHUren nazioarteko hedakuntzari arreta berezia eta Europako Goi Mailako esparru berrira moldatzea eskaintzen diote.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun