Familia ugarien artean 90.000 euro banatuko ditu Getxoko Udalak

Familia ugarientzako diru-laguntzetarako 90.000 euro zuzentzea onartu berri du Getxoko Udalak, eta apirilaren 1era arte egongo da zabalik horiek eskatzeko epea. Gainera, familia getxoztarrek hobariak izango dituzte hainbat erakunde autonomotan, esaterako Getxo Kirolak eta Musika Eskolan. Halaber, murrizketak ere izango dituzte beste zerbitzu batzuetan; tartean, Ludotekan. Laguntzen helburua da "familietako kideek kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta aisialdiko udal jardueretan parte hartzera bultzatzea". "Jakin badakigu familiarekiko konpromisoak gizartean duen garrantzia, are gehiago belaunaldien ordezkapena bermatzeko beharragatik eta familia mantentzeko egin behar den esfortzuagatik, batez ere krisi garai honetan", adierazi du prentsaurrekoan Imanol Landa alkateak. Horri eusteko egiten ari diren "esfortzu ekonomiko" froga bezala jarri ditu hezkuntzako gastu orokorrei aurre egiten laguntzeko onartutako 175.000 euroak eta familia ugarientzat onartutako 90.000 euroak. 2010ean, 283 familia ugarik jaso zuten diru-laguntza: 180 euro bataz beste, hori jaso baitzuen sendien %58ak (zenbatekorik txikiena 100 eurokoa eta handiena 490 eurokoa). Argazkian, Coria eta Landa Getxoko Gizarte Zerbitzuen bulegoan, artxiboko irudian / © Getxoko Udala.

Seme-alabek bete beharreko baldintzak dira ezkongabeak eta 21 urtetik beherakoak izatea, elbarriak edo lan egiteko ezgai badira salbu. Aipatutako adin-muga hori 25 urteetara igo ahal izango da ikasketak egiten ari badira. Diru-laguntza eskatu ahal izango dute 2011ko otsailaren 1ean familia ugariaren izaera zutenek, Getxon erroldatuta badaude. "Familia bakoitzari diru-laguntza bakarra emango diogu eta zenbatekoa aipatutako datan familiek duten kategoria (orokorra edo berezia) eta ohiko etxebizitzaren katastroaren balioa erabakiko dute", azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaituko da. Eskatzaileek, 2011ko otsailaren 1ean izaera hori dutela egiaztatzen duen titulua, familia erroldatuta dagoen etxebizitzaren zenbaki finkoa, ordainketa egin behar den finantzako erakundearen kontu korrontearen zenbakia, Getxo udalerriko errolda agiria, eskabidea aurkezten duenaren DNIaren fotokopia, zergen obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daramatzala adierazten duen deklarazio arduratsua eta Udal Administrazioari familiaren izaerari eta kategoriari dagozkien datuak ezagutzeko baimena aurkeztu behar dituzte. Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean, herritarrak artatzeko bulegoetan eta Legeak aurreikusitako tokietan aurkez daitezke. Informazioa www.getxo.net udal web gunean dago.

Hobariak

Bestalde, Getxo Kirolak erakundeak kuoten %25eko hobaria eskainiko die familia ugarikoak diren bazkideei. 2010ean, 708 familia ugarik izan zuten deskontua. Halaber, Musika Eskolan kuotaren %25 eta %50 arteko beherapenak izaten dira, familiaren kategoriaren eta etxebizitzaren katastroko balioaren arabera. 2010-2011 ikasturtean 119 familiatako 176 lagun izan dira onuradun; 15.209 euro, guztira. Ludotekak ere abantaila batzuk eskaintzen ditu eta horrela familia ugarien kategoria orokorreko kideei %25eko deskontua eskaintzen zaie eta kategoria berezikoei %40koa. Aurten 13 familia ugarik izan dute hobariren bat. Bestalde, iaz antolatutako udalekuetan 16 familiei egin zieten beherapena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun