Bost metroko olatuak eta haize bolada gogorrak iragarri dituzte

Bost metrotarainoko olatuak izan daitezkeelakoan, abisu laranja ezarri du asteazken eta ostegunerako Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Halaber, abisu horia ere indarrean jarri dute 100 km/h-ra hel daitezkeen haize-boladak espero direlako. Bihar, asteazkena, olatuen altuerak gora egingo du eta baliteke iluntze aldera 5 metrotaraino heltzea. Ipar-mendebaldeko haizeak joko du eta haize-boladek 100 km/h-raino hel daitezke, ageriko zonaldeetan, bereziki. Agerikoak ez diren zonaldeetan 70-80 km/h inguru kokatuko da haizea. Ostegunean, berriz, 4,5 metroko olatuak egongo omen dira. Iragarpenaren arabera, asteazkenean giroa freskoa izango da, tarteka bustia ere bai. Tenperatura beroenak 14ºC inguruan kokatuko dira ipar partean eta nekez ailegatuko dira 10ºC-ra barnealdean. Ostegun arratsalderako euri ugari espero da eta termometroak apur bat behera egingo du. Astebururako, berriro gora egingo dute tenperaturek. Argazkian, gizon bat ontzia amarratzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun